papiro
iz. Hosto luze-estuak dituen landarea (Cyperus papyrus). || Landare horren zurtoinetik ateratzen den xafla, antzina idazteko erabiltzen zena. v Bot. Sustraia laburra, sendoa eta zurtsua du, kolorez gorrixka; zurtoina aldiz berdea, hiru ertzekoa eta hostorik gabea da. Hostoa zurtoin antzuen buruetan izaten du, luze estua. Ginbail itxuran antolatutako lorea du, kolorez hori marroixka; fruitua berriz intxaurraren formakoa du, hori marroixka hura ere. Antzina papera egiteko erabiltzen zen papiro-zurtoinaren barruko zuntza. Berez Afrikako tropiko inguruetan eta Nilo ibaiaren inguruan hazten da papiroa. Gaur egun etxe barruko landare apaingarri gisa erabiltzen da gehienbat.
v Papiro orriak egiteko papiro landarearen zurtoinaren barnealdea zerrenda luzaranetan zatitzen zen eta zerrenda horiek elkarren alboan ezartzen ziren; haien gainean zabaletara ebakitako beste zerrenda batzuk ezartzen ziren. Ondoren gainean pisua jarriz estutzen ziren eta lehortzen zirenean papirozko bi geruzak elkarri itsatsirik geratzen ziren eta orri malgu bat lortzen zen. Obra bereko papiro orriak aske utzi beharrean buztinez lotzen ziren, eta bildukin luzeetan gordetzen zituzten. Papiro zaharrenak, K.a. 3000. urte ingurukoak, Egipton aurkituak dira; Grezian eta Erromatar Inperioan ere erabili ziren. Hasierakoak letra hieratikoz idatziak dira, eta geroagokoak hieroglifo idazkeraz, latinez eta grezieraz, besteak beste. Papiroetan literatura lanez gainera (Aristotelesen Atenasen hondamena, esaterako) eskutitzak eta dokumentuak ere aurkitu dira idatzita, eta haiei esker antzinako gizarteari eta bizitzari buruzko berriak ezagutu ahal izan dira.