Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

papergintza

iz. Papera egiteko jarduna, paper industria.  v Papera gurutzaturik dauden zelulosazko zuntzez eratua dago. Uretan esegita dauden zelulosa zuntzak metalezko oihal mehe baten gainean zabaltzen direnean ura irazi egiten da oihalean zehar, eta zuntzak oihal horren gainean ezartzen dira. Zuntz gurutzatu horiek oihaletik kendu, prentsatu eta lehortu ondoren prestaturik dago papera. Zelulosa iturri nagusia zura da, erretxina duten zuhaitzena batez ere, hauek zuntz luzeak baitituzte. Hala ere, erabili izan dira beste zuhaitz mota batzuk, zuhainen lastoa, azukre kanabera, kotoizko eta lihozko trapuak eta abar. Papergintzarako oinarrizko urrats hauek ematen dira: 1) Zuhaitz enborrei azala kendu, zerratu eta begiak kendu ondoren zuntzak eratzeko karraskatu. 2) Zur zuntzei azidoak edo disoluzio alkalinoak gehituz ore kimikoa edo erdikimikoa prestatu. 3) Zuntzak askatzeko orea eho. 4) Oreari almidoiak, erretxinak, buztinak eta kolore emaileak gehitu. 5) Amaigabeko zinta baten gainean orrialdeak ezarri, ura gal dezaten, eta lurrun kameretatik igaroarazi ondoren papera lehortu. Gaur egun ez dira paper lantegi guztietan egiten lehen bi urratsak, beste lantegi batzuetan prestatzen diren paper oreak erabiltzen baitituzte askok. Paper ore hauei hainbat gai gehitzen zaizkie prestatzen ari direnean: paper zuritzaileak (peroxidoak, kloro dioxidoa, sodio hipokloritoa…), paperak hezetasunik har ez dezan sintesi bidezko erretxinak, eta abar. Erabilera ugari ditu, idazteko, inprimatzeko, marrazteko, margotzeko, paketeak egiteko eta beste hainbat gauzatarako erabiltzen baita.