Pantxoa eta Peio
Ipar Euskal Herriko abeslari bikotea, Peio Ospital eta Pantxoa Carrerek osatua. Umetatik dira elkarrekin arituak; 1969an grabatu zuten lehen diskoa, eta 1971n eman zuten lehen kantaldia Hego Euskal Herrian. Euren kantuen hitz gehienak Manex Pagolak idatziak ziren, nahiz eta maiz aritu elkarlanean Roger Idiart eta Telesforo Monzonekin. Bikotearen hainbat kantu, esate baterako Itziarren semea edota Lepoan hartu abestiak, 70. hamarkadako kanturik ezagunenetakoak bilakatu ziren. 1975ean kaleratu zuten lehen LPa, bikoitza –disko txikietan grabatutako abestien bilduma, zuzenean baino kantatzen ez zituzten kantuz osatua–, eta arrakasta izugarria izan zuen. Musikagintzan 25 urte eman ondoren, 1992an utzi zioten kantatzeari.