Panic, Milan
Jugoslaviar enpresaburu eta politikaria (Belgrad, Serbia, 1929). Gaztetan kirolari eta ikasle gisa nabarmendu zen. Kimika ingeniaritzako ikasketak egin zituen, eta urtebete geroago bere hiriko txirrindularitza txapelketa irabazi zuen. Geroxeago Alemanian egon zen ikasketak sakontzen, eta 1956an Estatu Batuetara emigratu zuen familiarekin. 1957-1959 bitartean, kimikako irakasle laguntzaile izan zen Kalifornia Berriko Unibertsitatean. 1960an ICN farmazia enpresa sortu zuen. Enpresaren egoitza nagusia Costa Mesta-n dago (Kalifornia), eta 600 sendagaitik gora saltzen ditu hirurogei herrialdetan. Panic enpresako lehendakari eta zuzendari exekutiboa da. 1990ean Serbiako farmazia enpresa handiena erosi zuen –Galenika–, inguruko herrialde sozialista ohiekin negozioak egiten hasteko oinarri gisa. 1992ko uztailean, Jugoslaviako Errepublika Federal sortu berriaren lehendakariak hala eskatuta, Lehen Ministro kargua onartu zuen. Bi hilabate geroago Jugoslaviako gobernu buru hautatu zuten, gehiengo absolutuz, Biltzar Federaleko bi ganberetan. Saio berean ganberek ontzat hartu zuten Panicek proposatutako ministro zerrenda. Enpresaburuak Defentsa ministerioa hartu zuen beretzat. Panicen helburu nagusiak Nazio Batuak Jugoslaviari ezarritako zigorrak kentzea, bakea ezartzea eta hauteskunde orokorrak deitzea ziren. Gaur oposizioan dago.