Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ozeania

Munduko sei kontinenteen artean txikiena. Ozeaniak Ozeano Bareko 176.000.000 km2-tan barreiatuak dauden Australia, Tasmania, Zeelanda Berria, Ginea Berria, eta Melanesia, Mikronesia eta Polinesiako milaka uharte hartzen ditu. 8.939.562 km2 eta 28.700.317 biztanle (1989).  v  Ozeaniako lurraldearen % 86 Australiari dagokio. Australia ordokiz eta goi-ordokiz osatua dago gehienbat; ekialdea menditsua da. Lurrazaleko plaken arteko talkek eragin zituzten pitzadurek, tolesturek eta azaleratutako magmek uhartedi sail bat eta, uharte horien ekialdean, zokoguneak edo osin sakonak sortu zituzten. Horrela eratu ziren, adibidez, Mariana, Salomon, Fiji, Ginea Berria, eta Zeelanda Berria uhartediak. Uharte horiek Ozeano Bareko erdialdeko uharteak baino handiagoak eta menditsuagoak dira (5.000 m inguruko mendiak daude Ginea Berrian), eta lurrikarak eta sumendien eztandak izateko arriskua handia da. Mikronesiako eta Polinesiako uharte gehienak berriz sumendi jatorrikoak dira; aurrekoak baino txikiagoak eta apalagoak badira ere, toki batzuetan, Hawaii-ko uharteetan adibidez, oso sumendi garaiak daude (4.210 m). Beste uharte asko ordea koralezkoak dira, ur epeletan eta sakonera gutxikoetan, edo higatu edo hondoratu diren sumendien inguruan atoloiak eratuz sortu zirenak: Markesa, Tuamotu eta Gilbert uharteak, adibidez.  v  Klima. Ozeaniako parterik handienak klima tropikala du, hau da, beroa eta euritsua. Ginea Berria, Melanesia, Mikronesia, Polinesian, urtean zehar, eguraldiak ez du ia aldaketarik. Australiako klimak gorabehera handiagoak ditu: iparraldea tropikala da, erdialdea idorra, hego-ekialdean klima epela eta hezea da, Zeelanda Berrian eta Tasmanian bezala, eta hegoaldean eta hego-mendebalean, berriz, udak bero lehorrak eta negu euritsuak dira.  v  Biztanleak. Ozeaniako uharteetako biztanle gehienak papuak, melanesiarrak eta polinesiarrak dira jatorriz. Australian eta Zeelanda Berrian aldiz, gaur egungo biztanle gehienak jatorriz europarrak dira, eta Australiako jatorriko biztanleak gutxi dira. Europar jatorrikoa da halaber Hawaii, Kaledonia Berria eta Papua Ginea Berriako biztanleriaren parte handi bat. Japoniarrak, indiarrak eta txinatarrak ere badira. Melanesiarrak Ginea Berrian, Salomon uharteetan eta Mikronesiako alderdi batzuetan bizi dira, eta baita Filipinetan eta Malaysian ere. Papuak Ginea Berrian eta Vanuatu uharteetan bizi dira, eta polinesiarrak Polinesian, Mikronesian eta Zeelanda Berrian. Ez dago oso argi Ozeaniako herrien jatorria zein den, baina seguru asko Indiako hegoaldetik, Filipinetatik eta Indonesiatik, garai desberdinetan joan edo ihes egin zuten herrien ondorengoak dira. Gero, uhartez-uharte, herriak hedatuz joan ziren. Herri batzuk beste batzuekin nahastu ziren, eta beste batzuk, berriz, milaka urtean besteekiko harremanik gabe bizi izan ziren. Hori dela eta, Ozeanian etnia, hizkuntza eta kultura asko daude. Ginea Berrian, europarrak heldu zirenean, eritasun berriek eta gerrek zenbait herriren biztanleria arras urritu, edo desagertarazi, zuten; beste herri batzuk, aldiz, kolonizatzaileekin nahastu ziren. Australian eta Zeelanda Berrian jende gehiena hirietan bizi da eta gainerako uharteetan, berriz, herri txikietan. Ozeaniako dentsitatea oso apala da (3 biztanle km2 bakoitzeko), are apalagoa Australian (2 biztanle km2-ko), baina uharte batzuetan, Nauru uhartean adibidez, askoz garaiagoa da (382 biztanle km2-ko).  v  Ekonomia. Australiak eta Zeelanda Berriak ekonomia aurreratua dute, Europako mendebaleko herrialdeenaren antzekoa, baina gainerako uharteetako ekonomia nekazaritzan eta arrantzan oinarritzen da. Uharteetan kokoa, azukre kanabera, kafea, kakaoa eta espeziak lantzen dira batez ere; basoetako zura ere ustiatzen da. Arrainaren kontserbak garrantzi handia du Hawaii, Samoa, Viti, Salomon eta Papua Ginea Berria uharteetan. Mea baliabideen artean, aipatzekoak dira Viti, Ginea Berria eta Salomon-eko urrea eta kobrea, Kaledonia Berriko nikela, Ginea Berriko petrolioa eta Nauruko fosfatoak. Turismoak garrantzi handia du Hawaii, Tahiti eta Fiji uharteetan. Ozeaniako herrialdeek merkataritza harreman gehienak Japonia, Estatu Batuak, Australia eta Frantziarekin dituzte.  v  Historia. Fernão Magallães portugaldar itsasgizona 1519-21 urteetan egin zuen bidaian Mariana uharteetara iritsi zen, eta harrezkero europarrek bidaia asko egin zituzten Ozeaniara. Garrantzi handia izan zuten J. Cook ingeles itsasgizonak 1768-79 bitartean egindako hiru bidaiek, Cook-ek Ozeania osatzen zuten uharteen kokapena mapetan finkatu baitzuen. Ozeaniaren kolonizazioa XVIII. eta XIX. mendeetan gauzatu zen; XX. mendean uharte batzuek burujabetasuna erdietsi dute. Bigarren Mundu Gerra japoniarrek Estatu Batuek Hawaiiko Pearl Harbor portuan zuten ontzidiari eraso ziotenean hasi zen Ozeanian. Gerra horretako gudu asko Ozeanian egin ziren eta hango biztanle asko hil ziren. Gerraren ondoren Estatu Batuek atomo bonbak lehertarazi zituzten japoniarrei kendutako Mikronesiako atoloi batzuetan (Bikini, Eniwetok). XX. mendearen bukaeran, burujabe ez diren uharteak Frantzia, Australia, Zeelanda Berria, Britainia Handia eta Estatu Batuen mendean daude.