Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ozaze-Zühara

Zuberoako erdialdeko udalerria, Atharratze-Sorholüzeko kantonamenduan. Ossas-Suhare du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Idauze-Mendi, Mendikota eta Zalgize-Doneztebe; ekialdean, Iruri; mendebalean, Altzürükü; hegoaldean, Gamere-Zihiga eta Aloze-Ziboze-Onizegaine. 7,17 km2. 1999ko erroldaren arabera, 84 biztanle. Ozaze eta Zühara herriguneek osatua da udalerria. Lehena 192 m-ko garaieran dago, Uhaitzandi ibaiaren ertzean; bigarrena 266 m-ra, muino baten gainean (ozaztarrak; züharatarrak). Uhaitzandi ibaia igarotzen da udalerritik. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 100. Laborantza (artoa, bazka landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Cazanave, Arainci eta Lapitz etxeak.  v Historia. XII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Ozazeko herria, eta Züharakoa, aldiz, 1327. urtean. 1845. urtean bildu ziren bi herriguneak udalerri bakarra osatzeko.