Oregon
Estatu Batuetako estatua. 251.419 km2; 2.922.000 biztanle (1991). Hiriburua, Salem. Hiri nagusiak: Portland, Medford, Eugene, Corvallis. Mugak: iparraldean, Washington estatua; ekialdean, Idaho; hegoaldean, Nevada eta Kalifornia; mendebalean, Ozeano Barea. Lurralde menditsua da; kostaldean Coast Range dago; Cascade Range mendiek iparretik hegora zeharkatzen dute estatu osoa; ekialdean ere mendi asko daude: Blue Mountains, Strawberry Mountains. Hegoaldea idorra da; han dago Great Sandy basamortua. Columbia da ibai nagusia, Washingtonen eta Oregonen arteko mugan; Snake eta Willamette ibaiak haren adarrak dira. Mendebalean klima epela da; barnealdean, klima kontinentala. v Ekonomia. Meatze asko dira: urrea, kobrea, zilarra, burdina, nikela. Horiez gainera, aipatzekok dira argi indarra Columbia ibaiaren eta bere adarren inguruan; abere hazkuntza; nekazaritza (garia, oloa, barazkiak, fruituak); arrantza (izokina); elikagaien industria, zurgintza, elektrometalurgia. v Historia. Europarrek kolonizatu aurretik indiar herriak bizi ziren Oregonen: wailatpuak, kalapuiak, yakonak, kamathak, atapaskoak, salitxak eta txinukak. XVI. mendetik espainiarrak eta ingelesak kostaldean ibili ziren, eta barrualdea Robert Grayk esploratu zuen 1792an. 1819an Espainiak Oregonekiko zituen lurralde eskubideak utzi zizkien Estatu Batuei; 1818an Estatu Batuek eta Britainia Handiak izenpetutako hitzarmenak bi nazio hauei ematen zien Oregonen jabetza. Estatu Batuen eta Britainia Handiaren arteko liskarren ondoren, gaurko Washington eta Idaho estatuei dagozkien lurraldeak kendu eta 1848an sortu zen gaur egungo mugak zituen Oregon, 1859an estatu bihurtu zena. 1861ean urrea aurkitu izanak areagotu zuen kolonizazioa; indiarrak matxinatu ziren baina 1889an menderatu zituzten.