orbital
iz. Fis. eta Kim. Atomoaren nukleoaren inguruan higitzen den elektroi bat espazioko edozein puntutan aurkitzeko dagoen probabilitatea adierazten duen matematika funtzioa. Atomoaren orbitala elektroi jakin bat aurki daitekeen espaziogunea da, eta ez orbita jakin bat. Bohr-en atomo ereduan elektroi batek, nukleoaren inguruan duen higidura, orbita zehatz baten bidez deskribatzen da. Quantumen mekanikak, aldiz, deskribapen hori uhin funtzio bidez egiten du, funtzio bana elektroiko, eta elektroi horietako bakoitzak orbital bat betetzen du. Orbitalak eremu bidez adierazten dira grafikoki; eremu horiek esfera erakoak edo elipsoide erakoak izaten dira. Orbitalaren kontzeptua Heisenberg-ek, Schrödinger-ek eta beste zientzialari batzuek garatu zuten, elektroia partikula gisa eta aldi berean uhin gisa ulertuz. Elektroi geruza bakoitzak orbital desberdinak ditu, eta bakoitzaren energia egoera quantum zenbaki hauen bidez adierazita dago: 1) Quantum zenbaki nagusia, n: atomoaren nukleoaren inguruan dauden elektroi geruzak adierazten ditu, eta 1, 2, 3… balioak hartzen ditu. 2) Quantum zenbaki azimutala, l: elektroiaren momentu angeluarra adierazten du, eta n-ren balio mugatu batzuentzat 0, 1, 2, … n-1 balioak hartzen ditu. 3) Quantum zenbaki magnetikoa, m: l-ren balio zehatz batzuentzat -l, -(l -1), ..., 0, ..., (l -1), l balioak izan ditzake. Quantum zenbaki nagusitzat n=1 duen elektroi batentzat l=0 eta m=0 izan behar dute, eta elektroia 1s gisa izendatzen den orbital batean egongo da, K geruza eratuz. n=2 denean lau orbital egongo dira, eta beren quantum zenbakiak (n, l, m) hauek izango dira: (2, 0, 0), (2, 1, -1), (2, 1, 0), (2, 1, 1). Lehenengoari 2s deitzen zaio eta hiru ondorengoei 2p. Elektroien L geruza osatzen dute. Era berean n=3 denean 8 orbital egongo dira elektroien M geruza osatuz: bat 3s, hiru 3p eta bost 3d. Orbital bakoitzak ezin ditu bi elektroi baino gehiago izan eta bi hauek aurkako norabidean bira egin behar dute, batak spin positiboarekin eta besteak spin negatiboarekin. Azken hau laugarren quantum zenbakia, s, +1/2 eta -1/2 balioak bakarrik izan ditzakeela esanez adierazten da. Orbital bakoitzari energia maila bat dagokio, eta hau atomoaren nukleoaren kargaren eta orbitalarennquantum zenbakiaren mendeko da. || ik. Pauli-ren esklusio printzipioa. v Orbital hibridoa. Mota desberdinetako atomo orbitalen konbinaketaz eratzen diren orbitalak. Atomoen arteko lotura egiten duten elektroiak orbital desberdinetakoak direnean eratzen dira. Orbital hibrido mota desberdinak daude: sp, sp2, sp3, spd... v Molekula orbitala. Elektroi baten orbitala molekula batean. Molekulak eratzen direnean balentzia elektroiak bi nukleoren edo gehiagoren eraginpean higitzen dira, eta beren uhin funtzioak molekula orbitalak izena hartzen dute.