Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

opera

iz. Antzezlan dramatikoa, abestuz eta orkestraren laguntzaz antzezten dena.  v  Historia. Operak Erdi Aroko drama liturgikoetan izan zuen hasiera. Ondoren, XVI. mendean, Florentziako kameratak antzinako greziar drama berpiztu nahian, opera berria sortu zuen. Jacopo Peri, Jacopo Corsi, Francesco Cavalli eta Claudio Monteverdi izan ziren lehen operagileak, eta Dafne, Ulise, Orfeo eta antzeko mitoak izan ziren gai nagusiak. Italiako hiri batzuetan operarako antzokiak zabaldu ziren eta XVII. mendean musikagileak garai hartako gaiak erabiltzen hasi ziren. XVIII. mendean Europako hiriburuetan aurkeztu ziren Scarlatti, Cevalli eta Cestiren operak. Frantzian, berriz, operak XVII. mendetik aurrera hartu zuen indarra, Jean-Baptiste Lully eta Jean-Philippe Rameauri esker. Ingalaterran, Henry Purcellek Dido eta Eneas maisu lana idatzi zuen, baina Haendelek ezagutarazi zuen opera Londresen, eta, Scalattiren eraginari jarraituz, italiar kutsuko opera serioak idatzi zituen. 1741-1779 urteetan Gluckek opera ugari idatzi zituen, eta berrikuntza garrantzizkoak egin: kantarien zeregina murriztu eta drama gehiago azpimarratu. Mozartek joera honi jarraitu zion hasieran, baina laster opera komikoaren ezaugarriak tartekatu zituen; haren Le Nozze di Figaro, Don Giovanni eta Cosě fan tutte-ren mailako operei esker, aro berri batean sartu zen opera. Bide hau jarraitu zuten Beethoven-ek, Meyerbeer-ek eta Weber-ek. Wagner-ek musika dramatizatu eta garrantzi handiagoa eman zion orkestrari, eta guztiz eraberritu zuen opera; haren Die Meistersinger, Tristan und Isolde, Parsifal eta Der Ring des Nibelungen operaren lorpenik handienetakoak dira. XIX. mendearen hasieran Rossini, Bellini eta Donizetti opera egileek ohiturazko moldeak jarraitu zuten Italian, eta Verdiren etorrera prestatu zuten. Otello eta Falstaff operekin Verdik operaren mailarik gorena lortu zen. Garai bertsuan, Frantzian, operak aldi bikaina izan zuen Delibes, Gounod, Saint-Saëns, Messager, Massenet, Berlioz eta Bizeti esker. Bitartean abertzaletasunak eragin handia izan zuen Errusian; Glinka, Rimsky-Korsakov, Musorgski, Borodin eta Txaikovski izan ziren opera egile nagusiak. Txekoslovakian, Smetanaren lan abertzaleen ondoren, Dvorak-ek opera lirikoagoak egin zituen; XX. mendean Janácek-en lan errealistek gero eta arrakasta handiagoa izan zuten. Hungarian Bela Bartók, eta Espainian Manuel de Falla nabarmendu ziren. Italian, berriz, verismo-aren eskolaren barruan, Puccini, Leoncavallo eta Mascagni izan ziren nagusi. Alemanian, Richard Strauss da aipagarria, eta Frantzian C. Debussy eta M. Ravel. Arnold Schoenberg-en Moses und Aron, Alban Berg-en Wozzeck eta Lulu, Igor Stravinskyren The Rake’s Progress, Kurt Weill-en lan satirikoak, eta Benjamin Britten-en Peter Grimes opera modernotzat jotzen dira.  v  Opera bufoa. XVII. mendean, Italian, opera serioen ekitaldien artean jotzen ziren intermezzo eta interludioetatik sortu zen opera barregarria. Bi pertsonaia talde biltzen zituen: bata, bost gizonezkok eta emakumezkok osatzen zuten; eta bestea, maitale bikote batek edo gehiagok. Elkarrizketak kantatzen ziren. Opera bufo ezagunenak dira, besteak beste: Pergolesiren La serva padrona (1733) eta Maestro di capella (1732-1934), generoari hasiera eman ziotenak; geroago, Mozarten Figaroren ezteiak (1786); Rossiniren Sevillako bizargina (1816) eta Donizettiren Don Pasquale. (1843).  v  Opera komikoa. Lehen opera komikoak komedia barregarriak izan ziren, baina pixkana drama serioari bide egin zioten; ezaugarri nagusia zuten elkarrizketa mintzatuak tartekatzen zirela musikan. Adibide ezagunena Bizeten Carmen da (1875).