LPEE
(Eusk. “Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea”). Petrolioaren politikarekin, eta bereziki petrolioaren salneurriarekin, zerikusia duten erabakiak kide guztien artean hartzeko, eta haien artean diru eta teknologia laguntzak banatzeko, sortu zen petrolio herri-esportatzaileen elkartea. 1961. urtean eratu zen taldea, Saudi Arabia, Irak, Iran, Kuwait eta Venezuelak Bagdad-eko hitzarmena izenpetu zutenean. Geroago, Qatar (1961), Indonesia eta Libia (1962), Abu Dhabi (1967), Emirerri Batuak (1974), Aljeria (1969), Nigeria (1971), Ekuador (1973) eta Gabon (1975) sartu ziren elkartean. Hasierako bilerak Genevan egin zituen eta 1965. urtetik aurrerakoak Vienan. Elkarteko ordezkariak gutxienez urtean bitan biltzen dira eta erabakiak ahobatez hartzen dituzte. Petrolioaren merkatuan LPEEren erabakien garrantzia nabarmena izan zen erakundearen 35. bileran (1973ko irail-urria), petrolio upelaren prezioa % 70 igo baitzuten. Neurri batean mendebaleko estatuen kontra hartu zen erabaki hori, batez ere Israeli, arabiar herrien kontra borroka egiteko, eman zioten laguntzarengatik. Teherango bileran 1973an berriro igo zen petrolioaren salneurria (% 130), eta handik aurrera 1975, 1977, 1979 eta 1980. urteetan. Salneurrien igoerak LPEEko herrientzat irabazi handiak ekarri zituen, eta diru ezarpenak egin zituzten, bai erakundeko kideen ekonomia garatzeko, eta baita herri garatuetako bankuetan dirua aurreratzeko ere, adibidez Estatu Batuetan edo Europan. Orobat, 1976an Nazioen Garapenerako Elkartea sortu zuen LPEEk, garatzen ari ziren herrialdeei laguntza emateko. 1980. urtetik aurrera petrolioaren salneurriaren aldaketek garrantzia galdu zuten, mendebaleko herriak beste energia motak erabiltzen hasi zirelako edo beste herrialde batzuei erosten zietelako (Mexiko, Sobietar Batasun ohia). Joera horrek LPEEren salneurriak jaitsarazi zituen 1982an. Erakundeak arazoak izan zituen kideen artean 1980. urtean Iraken eta Iranen arteko gerraren ondorioz. Bestalde, LPEEko estatu guztiek ez dituzte politikan eta ekonomian interes berberak, batzuk indartsuagoak dira eta gogorrago eutsi diezaiekete salneurriei besteek baino, eta horrek ere beren artean arazoak sortu ditu.