Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ontogenesi

iz. Biol. Arrautzatik edo zigototik abiatu eta banako heldu eta osoa eratzera eramaten duten hazkunde eta bereizketa gertakarien multzoa. Ontogenesian hiru aldi bereiz daitezke: 1) Umeki aldia; ehunak bereizi eta organoak osatzen dira. 2) Umetokiz kanpoko aldia; sexu bereizketa eta heltzea gertatzen dira. 3) Hazieraren amaiera aldia; organoen garapenaren amaiera gertatzen da. Umekiaren garapenean aldi hauek bereizten dira: arrautzaren zatiketa, orri blastodermikoen osaera eta organo eta ehunen bereizketa. Arrautzaren zatiketa da ontogenesiaren lehenengo aldia; arrautza blastomero izeneko zeluletan zatitzen da. Biteloak, orokorrean, arrautzaren zatiketa eragozten du. Beraz, arrautza holoblastikoak (erabatekoa zatiketa dutenak) eta arrautza meroblastikoak (zatiketa partziala dutenak) bereizten dira. Arrautza holoblastikoetan, zatiketaren amaierari, morula aldia deitzen zaio. Morulak arrautzaren neurri bera du. Blastula eratuz harrotzen baldin bada, neurria arrautzarena baino handiagoa izan daiteke, eta blastomeroek blastodermo izeneko geruza bat osatzen dute. Blastodermoak blastozele izeneko zisku bat inguratzen du. Blastulatik gastrula sortzen da, gastrulazio prozesu baten bidez. Gastrula bi orri blastodermikoez osatua dago: ektodermoa eta endodermoa. Animalia gehienek, ektodermoa eta endodermoaren artean zelula geruza berri bat eratzen dute, mesodermoa alegia. Mesodermoa da hirugarren umeki orria. Umeki orrietatik organoak eta ehunak bereizten dira. Horrela, ektodermotik epidermia eta digestio hodia sortzen dira; ektodermotik nerbio sistema eta zentzumen zelulak eta mesodermotik ehun konjuntiboa, hezurrak, giharrak eta iraiz-organoak. Bestalde, animalia guztiek ez dute garapen maila bera jaio ondoren. Jaiotzerakoan garapen txikia duten animaliak umeki bizitza laburra izan dutenak dira, eta garapenak jarraitu egiten du jaio ondoren. Gainera, organo guztiek ez dute heldutasun maila bera jaiotzerakoan eta mota gehienetako izakiek jaiotza baino askoz ere geroago lortzen dute sexu heldutasuna.