onddo 2
iz. Bot. Oin eta txapela mamitsua duten hainbat perretxiko motaren izena. Batez ere Boletus, Suillus, Xerocomus, Tylopilus eta Leccinum generoetakoak deitzen dira horrela. Hodi egiturako espora-zorroz osatutako geruza lodia dute txapelaren azpian. Mamia zuria, urdinxka edo gorrixka izan dezakete. 100 bat onddo mota dira Europan. v Onddo beltza edo burubeltza (Boletus æreus). Txapel gaina marroi iluna edo beltza, mami zuria eta oin sendoa duena; jateko oso ona. Pagadietan, hariztietan eta gaztainegietan hazten da, batez ere. v Onddo kaskabeltza (Boletus pinicola). Lur haretsua den pinudietan hazten den onddo mota. Burua marroi iluna eta biribildua izaten du, eta oina oso sendoa. Jateko oso ona da. v Udako onddo zuria (Boletus reticulatus). Txapela biribildua, marroi horixka edo marroi grisaxka eta oin estu samarra eta zurixka dituena; pagadietan eta hariztietan hazten da. Jateko ona da. v Udazkeneko onddo zuria (Boletus edulis). Txapela biribildua, kafe kolorekoa edo marroi zurixka, eta oin marroi zurixka dituena; edozein baso motatan, baina, batez ere, pagadietan eta hariztietan hazten da. Jateko onak da. v Gaztaina onddoa (Gyriporus castaneus). Txapel gain marroi argia, espora hodi luzeak, oin mehe samarra eta mami zuria dituena. Gaztainegietan, pagadietan eta urritza den basoetan hazten da, abuztutik urria arte. Jateko oso ona da. v Pinudietako onddoa (Suillus bovinus). Oin mehe samarra, txapel gain marroi argia duena. Sortu berrian txapel gaina lindirgatsua izaten du. Lurra belartsua den pinudietan hazten da, batez ere. Jateko ona da, baina ez da oso aintzat hartua. v Errementari-onddoak. Onddo pozoitsuak. Jateko onak ez direnei deitzen zaie horrela; Boletus erythropus, txapel gaina marroi iluna eta azpia gorria duenari, eta Boletus satanas, txapel gaina zuria, azpia gorria eta oina zuri gorrixka duenari, besteak beste.