ondasun
iz. Batez ere pl. Eskura daitekeen baliozko gauza. v Ekon. Gizakien beharrak edo premiak zuzenean (kontsumo ondasunak) edo zeharbidez asetzen dituen edozein ekonomia gaia. Ekonomialarientzat ondasun ekonomikoaren ezaugarri garrantzitsuena erabilgarritasuna da, beharrak asetzeko duen ahalmena alegia. v Kontsumo ondasunak. Kontsumitzaileek beren premiak asetzeko eskuratzen duten edozein ondasun. v Kapital ondasunak. Ondasun iraunkorrak, kontsumitzaileentzat zuzenean saltzen ez direnak, ondasunen ekoizpenerako erabiltzen baitira (ekoizpen inputak edo sarrerak dira beraz); makineria edo labe garaiak adibidez kapital ondasunak dira. v Ekoizpen ondasunak. Produktuen ekoizpenean input gisa erabiltzen diren ondasunak; kapital ondasunak eta errekinak edo labaingarrien antzeko beste gaiak dira. v Ondasun osagarriak. Bi ondasun osagarriak direla esaten da baten eskariak gorantz egiten duenean bestearenak ere gorantz egiten duenean; autoak eta gasolina ondasun osagarriak dira, baten eskaria handitzerakoan bestearena ere handitzen baita. v Ondasun ordezkagarriak. Bi ondasun ordezkagarriak dira bata edo bestea kontsumitzeak premia jakin bat antzeko moduan asetzen duenean; margarina eta gurina adibidez ondasun ordezkagarriak dira. Ondasun ordezkagarri baten prezioa igotzen denean bere eskariak beherantz egiteaz gain, beste ondasun osagarriaren eskariak gorantz egiten du. v Ondasun independenteak. Bi ondasun independenteak direla esaten da, ondasun baten eskariak eta bestearenak inongo loturarik ez dutenean. v Ondasun publikoak. Estatuaren esku dauden ondasunak. Ondasun publikoak, zerbitzu publikoak bezala, biztanleria osoarentzat eskaintzen ditu estatuak (hezkuntza, osasun sistema, garraio publikoak etab. ); ondasun eta zerbitzu publikoak ez ditu giza banakoak kontsumitzerakoan ordaintzen, zergen bidez ordaintzen baitira maizenik.