Ondarroa
Bizkaiko itsasertzeko udalerria (Lea-Artibai). Mugak: iparraldean, Berriatua eta Kantauri itsasoa; ekialdean, Mutriku (Gipuzkoa); mendebalean, Berriatua eta Amoroto; hegoaldean, Berriatua eta Markina-Xemein. Garaiera, 8 m. 23,5 km2. 1997ko datuen arabera, 10.115 biztanle (ondarroarrak; ondarrutarrak). Auzo nagusiak: Asterrika, Mereludi eta Madalen. Kostaldea malkortsua da, eta barnealdera joan ahala mendiak daude (Arrigorri, 158 m; Santakruz, 336 m; Kalamendi, 314 m; Mustutxurru, 147 m). Artibai ibaiak hego-mendebal ipar-ekialde igarotzen du udalerria. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 8.363 euskaldun, 996 ia-euskaldun eta 706 erdaldun. Arrantza baita bertako ekonomia jarduera nagusia; jarduera horretan dihardu langileen % 32 eta arrantzaren inguruan sorturiko industrian (janari industria, kontserbategiak, ontziola txikiak, lantegi mekanikoak) % 46. Portua Artibai ibaiaren bokalean dago, 4 metroko hondoa du eta 628 metro kaia. Ondarroako ontzidia kooperatibetan dago antolatuta. Euskal Herriko alturako lehen portua eta Bizkaiko lehen arrantza portua da. Arteari dagokionez, aipagarria da XV. mendeko Santa Maria eliza gotikoa. v Historia. Ondarroako herriak Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andrearen eskutik jaso zuen hiri-gutuna, 1327. urtean. Berriatuako elizateko lur eremuak erabiltzeko eta Logroñoko foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zuten ondarroarrek. 1351. urtean, Bilbo, Lekeitio eta Plentziarekin batera Ingalaterrari aurre egiteko taldea osatu zuten, ingelesak Baiona eta Miarritzeko herrien jabe egin baitziren. Bi alderdien arteko bakea bi urte geroago izenpetu zen Hondarribian. XVI. mendean, Filipe II.aren garaian, oparotasun handia izan zuen Ondarroako herriak Portugal, Andaluzia eta Ingalaterrarekin zituen merkataritza harremanei esker. Konbentzioko gerra garaian frantsesek herria hartu eta 110 etxe, erietxea eta San Joan Bataiatzailea ermita (1794) erre zituzten. XVIII. mendearen bukaeraz geroztik arrantza jarduerak garrantzi handia izan zuen Ondarroako ekonomian. XIX. mendearen hasieran alturan aritzeko 18 ontzik, baxurako arrantzan jarduteko beste 10ek eta 25-30 tona burdinki garraiatzeko hiru ontzik osatzen zuten Ondarroako itsas ontzidia. Biztanleriari dagokionez etengabeko demografia hazkundea gertatu da XIX. mendeaz geroztik azken urte hauek arte: 2.551 biztanle 1887. urtean, 3.619 biztanle 1900. urtean, 5.232 biztanle 1930ean, 7.462 biztanle 1960an, 12.127 biztanle 1981ean (Berriatuako biztanleak barne) eta 11.177 biztanle 1986. urtean.