Ollaran
edo Olloibar. Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria eta harana (Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Arakil; ekialdean, Itza; mendebalean, Andiako mendilerroaz gaindi, Deierri eta Goñibar; hegoaldean, Oltza zendea eta Goñibar. Garaiera, 503 m. 37,41 km2. 1988ko datuen arabera, 355 biztanle (ollarandarrak). Herrigune hauek osatua da Ollarango udalerria eta harana: Anotz, Arteta, Beasoain-Egillor, Iltzarbe, Ollaran (herriburua), Saldise, Senosiain eta Ultzurrun. Arakil ibaiak igarotzen du Ollaran hegoalde-iparralde. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XX. mendearen hasieran galdu zen. Foru Erkidegoaren 1986ko Euskararen Legeare arabera, eremu mistoan dago. Laborantza (garia, garagarra, artoa, bazka landareak, lekadunak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 50). Aipagarriak dira XIV. mendearen hasierako Santo Tomas apostoluaren eliza gotikoa, Artetako dorretxea, Ultzurrungo jauregia, Arakil ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubia eta Santa Maria, San Joan eta San Paulo ermitak. v Historia. 1087. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Ollarango herria. 1846. urtean bihurtu zen udalerri.