Olozaga Almandoz, Salustiano de
Arabar politikaria (Oion, 1805 - Paris, 1873). Filosofia eta zuzenbide ikasketak egin zituen Zaragozako eta Madrilgo unibertsitateetan. Frantziara ihes egin behar izan zuen eta Fernando VII.a hil zenean itzuli eta Merkataritzako Arautegia berrikusteko batzordeko kide izendatu zuen alderdi liberalak. Diputatu hautatu zuten 1836an. Enbaxadore izan zen Parisen 1840an baina Madrila itzuli zen berriro Esparterori aurka egiteko. Espartero garaitu ondoren, koalizio aurrerazale-moderatuaren eskutik Legebiltzarreko lehendakari hautatu zuten Olozaga. Gobernu aurrerazale bat eratu zuen bere zuzendaritzapean, baina Legebiltzarrean eztabaida gogorrak gertatu ziren eta Elisabet II.a erregina gaztearen laguntzaz (14 urte besterik ez zituen erreginak) indargabetu zuen legebiltzarra. Moderatuek erreginaren gaztetasunaz baliatu zela leporatu zioten Olozagari eta kargua utzi behar izan zuen lehenik eta Europara erbesteratu behar izan zuen ondoren. 1847an diputatu hautatu zuten eta hurrengo urtean aurrerazaleen buru zen legebiltzarrean. Berriro enbaxadore izan zen Parisen. Unión Liberal-eko batasunaren aurkako agertu zen eta 1868an Madrilera itzuli zenean uko egin zion behin-behineko gobernuan parte hartzeari eta Parisko enbaxadore izendatu zuten hirugarren aldiz. Han hil zen, Errepublika aldarrikatu eta handik gutxira. Hizlari bikaina izateaz gainera, Real Academia Española, Real Academia de la Historia eta Real Academia de las Ciencias Morales y Políticas akademietako kide izan zen.
- Oloritz
- Olóriz Azparren, Hermilio de
- Olóriz
- Oloroe
- Oloroe
- Olozaga Almandoz, Salustiano de
- OLP
- Olson, Charles
- Olszewski, Karol
- Olt
- Oltza zendea