Oloroe
(Gaskoieraz Oulouroû; Fr. Oloron-Sainte-Marie). Frantziako hego-mendebaleko suprefetura hiria (Pirinio Atlantikoak), Biarnoko mendebalean, Zuberoako mugan, Ossau eta Aspe ibaien elkargunean (Oloroeko gabe edo ibaia eratzen da bertan). 13.138 biztanle. Hiri zaharra da eta Erdi Aroko etxe eta monumentu ugari ditu: Sainte-Croix eliza erromanikoa, XII. mendeko katedrala (XIV. mendean eraberrituriko korua eta atari erromanikoa). Industria tradizionalari loturiko gaiak egiten dira nagusiki han: txapelak, oinetakoak, altzariak, oso aintzat hartutako txokolatea. Hegazkinentzako hornidura. v Historia. Sybilateei edo gaur egungo zuberotarren aitzinekoei loturik zegoen velate izeneko tribu akitaniarra bizi zen alde hartan erromatarrak bertaratu zirenean eta Iluro (Civitas Iloronensium) izenez gorpuztu zen hiria. Tribu hura Akitania zaharreko hamabi nagusietako bat zen K.o. IV. urtean. Apezpikuaren egoitza izan zen mende hartatik 1790 arte eta apezpiku haien manupeko egon zen luzaroan Zuberoako euskal herrialdea (1801. urtean geratu ziren Zuberoako elizak Baionako apezpikuaren lurraldearen barnean). XII. mendean Biarnoko bizkondeen eskuetara igaro zen Oloroeko bizkonderri txikia eta Biarnoko hiri nagusietako bat izan da ordudanik.