Oltza zendea
Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). Cendea de Olza du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Itza eta Antsoain; ekialdean, Iruñea eta Zizur; mendebalean, Ollaran, Goñibar eta Etxauri; hegoaldean, Etxauri eta Zizur. Garaiera, 393 m. 56,7 km2. 1998ko datuen arabera, 1.311 biztanle (oltzarrak). Kontzeju hauek osatua da Oltzako udalerria: Arazuri, Artazkotz, Asiain, Ibero, Izkue, Itzu, Lizasoain, Oltza, Orkoien eta Ororbia (herriburua). Arakil eta Arga ibaiek igarotzen dute udalerria; Iberoko herrigunean bat egiten dute. Nafarroako Foru Erkidegoaren 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Euskara XX. mendearen hasieran galdu zen. Industria (altzairugintza, zurgintza, mekanikoak, eraikuntza; langileen % 54), nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, artoa, ardi eta behi azienda; langileen % 12) eta zerbitzuen alorra (dendariak, administrazioa, garraioak; langileen % 34) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira Oltzako XIII. mendeko San Blas eliza erromaniko-gotikoa (XVI. mendean eraberritua), Artakotz dorretxea eta San Bartolome ermita erromanikoa, Arazuriko XV. mendeko gaztelu-jauregi gotikoa, Asiaingo Ama Birjina elizako erretaula nagusia, Iberoko elizako erretaula barrokoa (XVII. m.) eta Arakil ibaiaren gaineko zubi ospetsua, Orkoiengo XVI. mendearen hasierako San Migel eliza gotikoa, Ororbiako San Julian eliza gotikoa. v Historia. 1427. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. Gudu latzak gertatu ziren bertan karlistadetan.