Olce, Jean d’
Baionako apezpikua (Iholdi, XVII. mendea). Boulognen (1633) eta Agden (1643) apezpiku egon ondoren, Baionakoa izan zen 1643-1681 urte bitartean. 1660an, berak onetsi zuen Luis XIV.a erregearen eta Maria Teresa Austriakoa erreginaren arteko ezkontza. Haren agindupean argitaratu zen kristau dotrina bat bertsotan, Bordelen: Pregarioac Bayonaco diocezakotz, Ioannes d’Olce Bayonaco Iaun Aphezpicuaren manamenduz ordenatuac eta imprimaraciac (1651), izenburupean. Ez da egilearen izenik ezagutzen. Liburuxka bera atera zen, urte berean, lapurteraz eta behe-nafarreraz, eta Bonaparte printzeak argitalpen berri bat egin zuen, 1866an.