Olaziregi Alustiza, Mari Jose
Gipuzkoar idazle eta irakaslea (Donostia, 1963). Euskal filologian doktore eta euskal literaturako irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. 1997an Becerro de Bengoa saria irabazi zuen Bernardo Atxagaren irakurlea saiakerarekin. Euskal literaturari buruzko hitzaldiak eta ikastaroak eman ditu Europa eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan. Egungo euskal literatura, literaturaren soziologia, edota literatura konparatua dira bere idazlanen gai nagusiak: Euskal gazteen irakurzaletasuna. Azterketa soziologikoa (1998), Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura (1999), Ramon Saizarbitoriaren unibertso literarioa (2001), Euskal eleberriaren historia (2002), Six Basque Poets (2007), Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga (2005), An Anthology of Basque Short Stories (2004). Euskaltzain urgazlea da.