Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ojibwa

iz. Etnogr. Ipar Ameriketako indiar herri bateko kidea, chippewa izenaz ere ezagutzen dena. Ojibwak algonkineraz mintzo dira eta garai batean Kanadako Superior eta Huron aintziren ertzean bizi ziren. Leinu bakoitza talde ibiltarietan banatua zegoen. Udazkenean taldeak zein bere ehiza lekuetan barrena sakabanatzen ziren eta udan berriro elkartzen ziren arrantzaguneetan. Talde batzuek arroza eta artoa ereiten zuten. Urki-azala erabiltzen zuten txalupak, txabolak eta lanabesak egiteko. Hasieran taldeko buruzagiek ia ez zuten aginpiderik, baina 1670 inguruan ojibwak eta frantses larru saltzaileak harremanetan hasi ahala buruzagitza gero eta garrantzitsuagoa egin zen, eta oinordekotza aitagandik semeagana igarotzen zen. Oso erlijio mota berezia eta garatua zuten. 1970ean 30.000 ojibwa zeuden Estatu Batuetako Minnesota, Michigan, Montana, Iparraldeko Dakota eta Winsconsin estatuetako erreserbetan eta 50.000 Kanadako Ontario, Manitoba eta Saskatchewan probintzietako erreserbetan.