Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oitz

Nafarroako iparraldeko udalerria (Iruñeko merindadea), Ameztia errekaren ezkerraldean eta Ezkurra ibaiaren eskuinaldean (Malerreka). Mugak: iparraldean, Doneztebe, Elgorriaga eta Ituren; ekialdean, Donamaria; mendebalean, Urrotz; hegoaldean, Ultzama. Garaiera, 194 m. 8,06 km2. 1999ko datuen arabera, 149 biztanle (oiztarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Euskara, iparraldeko goi-nafarrera; euskaldunak, % 99. Nekazaritza (artoa, bazka landareak, lekadunak, behi, ardi eta zerri azienda; langileen % 40) eta industria (zurgintza, eraikuntza; langileen % 49) dira ekonomia jarduera nagusiak. Langile ugari Berako eta Lesakako industrietara joaten da lanera eta bigarren lanbidetzat dauzka baserriko lanak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira Ameztia errekaren gaineko Erdi Aroko zubia, XIX. mendeko udaletxea, San Tiburtzio parrokia eliza eta bertan gordetzen den XVII. mendearen hasierako zilarrezko gurutzea. 1366. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Oitzko herria eta 1846. urtean bihurtu zen udalerri.