Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ohio

Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua, Erie aintziraren hegoaldean; 115.998 km2 eta 10.939.000 biztanle (1991). Hiriburua, Columbus. Beste zenbait hiri handi: Cleveland, Cincinnati, Akron, Toledo. Lurralde laua da (473 m Bellefontaine mendiak, gainik garaienak). Ohio (Mississippi ibaiaren adarra) eta Scioto ibaiak igarotzen dira Ohio estatutik. Klima kontinental hezea du. Biztanle gehienak hirietan bizi dira; erlijioz protestanteak dira. Ekonomia jarduera nagusiak industria eta nekazaritza dira. Industrian, autoak, pneumatikoak (Firestone, Goodyear...), laborantzarako makinak, makina elektronikoak eta itsasontziak egiten dira, besteak beste. Burdin olek eta petrolio findegiek ere garrantzi handia dute. Ohioko industriaren garapenean zer ikusi zuzena izan dute aurkitu diren energia iturriek (ikatza, petrolioa eta gas naturala bertan ateratzen dira), eta komunikabide sare onak. Nekazaritza oso aurreratua du. Laborantzarako lurrik emankorrenak ipar-mendebaldean ditu; garia, artoa, tabakoa, soia eta mahatsa lantzen dira, batez ere; abeltzaintzan, berriz, ardiak, behiak eta zerriak.