obiduktu
iz. Anat. Arrautz hodia. || Animalia emeen ernalketa aparatuko hodia, emeen gametoa obulutegik umetokira (barneko ernalketan) edo gorputzaz kanpora (kanpoko ernalketan) daramana. Animalia gehienek bi obiduktu dituzte, baina batzuek bietako bat atrofiatua izan ohi dute. v Animalia batzuek ez dute obidukturik. Arrain ziklostomoetan, adibidez, obuluak zelomara iragaiten dira eta handik ernalketa-poroen bidez kanporatzen dira. Apodoetan eta izokinaren familiako arrainetan, berriz, obuluak sabelera iragaiten dira, eta handik, sabeleko poroen bidez, kanpora irteten dute. Anfibioek bi obiduktu edo arrautz hodi dituzte, bat eginik zein bereizirik, eta kloakarekin lotuak. Hegaztietan ordea bi obiduktuetako bat endekatu egin ohi da, harekin lotua dagoen obulutegiarekin batera. Intsektuen obiduktuak elkartu egiten dira hazi-zorroarekin lotua dagoen erdiko baginara iritsi baino lehen. Obiduktuek zeregin desberdinetarako zabalguneak dituzte: obulu biltegiak, arrautzaren oskol babeslea eratzekoak, obulu ernalduaren haztegiak. Ugaztunen obiduktuetan bi zati bereizten dira: aurrealdekoa edo Fallopioren hodia, eta zabalagoa den atzealdekoa edo umetokia.