Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Obiang, Teodoro Nguema

Ekuatore Gineako militarra eta politikaria (1946). Estatu kolpe baten bidez 1979ko abuztuan Macías lehendakaria aginpidetik kendu eta diktadura ezarri zuen, Kontseilu Iraultzaile Militar bat sortuta. Kontseilu horrek Ekuatore Gineako errepublikako lehendakari izendatu zuen. Urte berean 5.000 atxilotu politikori amnistia eman zien; Macías epaitzeko agindua eman, eta irailean hil egin zuten. 1990eko hamarraldian erregimena irekitzen hasi zen, itxuraz ordea. Hala, 1993an egin ziren legebiltzarrerako lehen hauteskunde alderdi anitzekoak, eta Obiang-en alderdiak gehiengo absolutua lortu zuen. Antzera gertatu zen 1995eko udal hauteskundeetan, baina ordukoan oposizioak ez zituen emaitzak onartu. 1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan ere arazoak izan ziren, eta oposizioko bi alderdi nagusiak, azken unean, erretiratu egin ziren. Obiangek botoen % 97 eskuratu zuen, baina, oposizioaren esanetan abstentzioa % 70ekoa izan zen.