Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

normandiar

izond. eta iz. Normandiakoa, Normandiari dagokiona; Normandiako biztanlea. Bikingo izena ere eman zitzaien normandiarrei. Beroul normandiar idazlea.  v  Eskandinaviar herri guduzalea, itsasaldean bizi zena. VIII. mendearen azken aldera Europako zenbait lurraldetan inbasioak eta lapurketak egin zituzten. Gaur egungo Norvegian, Suedian eta Danimarkan zuten jatorria. Norvegiarrek besteak beste Feroe eta Shetland uharteak zituzten kokaleku; Groenlandia aurkitu zuten eta Ameriketaraino ere iritsi ziren. Danimarkarrak Jutlandian, Ingalaterran eta Iberiar Penintsularen ipar aldean, Galizian esate baterako, eta baita hegoaldean ere, Sevillan adibidez, izan ziren. Suediarrak berriz Errusiako ordoki zabaletan egin zituzten ekinaldiak gehienbat. Europan zehar batetik bestera aritu ondoren, talde batzuk Frantziaren ipar-mendebalean kokatu ziren; hala sortu zuten 911. urtean Normandiako dukerria. 1066. urtean Gilen I.a normandiar dukeak hasi zituen Ingalaterrari normandiarrek egin zizkioten erasoaldiak (Hastings-eko guduak). 1070. urterako Ingalaterrako anglo-saxoi noble asko hil zituzten eta askori beren lursailak ere kendu zizkioten. Garai hartan Ingalaterran hitz egiten zuten normandiar frantsesak eragin handia izan zuen ingeles hizkuntzan. XII. mendean Italia hegoaldera ere jo zuten normandiarrek, Sizilia aldera batik bat.  v  Art. Normandiar arteak bi gune eta bi epetan izan zuen zabalpena: lehenik XI. mendean eta Ingalaterran zabaldu zen, geroago berriz XII. eta XIII. mendean Italiako penintsulan eta Sizilian. Arkitektura izan zen normandiarrek gehien landu zuten arte mota. Apaingarri gutxiz hornituriko eliza, gaztelu edo abatetxe asko eraiki zituzten. Frantzian aipagarriak dira besteak beste, eraikitzen hasi ziren Mont-Saint-Michel abatetxea eta Caengo bi abatetxe. Ingalaterran ere hainbat katedral eraiki zituzten nahiz eta asko ez amaitu; Londresko dorrean den St. John-en kapela aipagarria da halaber.