Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nomenklatura

        iz. Jakintza batean erabiltzen diren hitzen multzoa.  v  Kimika nomenklatura. Kim. Kimika nomenklatura aldatuz joan da kimikaren aurreramenduarekin batera. Lavoisier, Macquer eta Baumé izan ziren hastapen kimikoetan oinarritutako nomenklatura ezartzen ahalegindu ziren lehenak. Gaur egun erabiltzen den nomenklaturaren oinarriak Lavoisier-ek eta beste kimikari batzuek elkarrekin 1787. urtean argitaratu zuten lan batean eman zituzten. XIX. mendean grezieratik eta latinetik eratorriak diren izen berriak sartu ziren kimika nomenklaturan. Egitura organikoen ezaupidea zehatzagoa eta argiagoa egin zenean izenak sistematizatzea nahitaezkoa egin zen. Helburu horrekin kimikarien arteko bilera bat antolatu zen Genevan 1892. urtean, eta bertan gai organikoak izendatzeko metodo berri eta logiko bat ezarri zen; kimikari gehienek onartu zuten nomenklatura berria, kimikari teorikoek bereziki. Kimika soilaren eta aplikatuaren nazioarteko batasunak (IUPAC) nomenklaturan erreforma gehiago ezartzeko beste bilera bat antolatu zuen 1930ean. Aldaketa horiek 1957an onartu ziren, baina hala ere ez dira erabat baztertu lehengo izenak. Zentzu horretan gaur egungo nomenklatura neurri batean bikoitza da. Adibidez, hidrokarburo aseak parafina (izen zaharra) eta alkano (IUPAC) deitzen dira, hidrokarburo asegabeak olefina eta alkeno, eta alkohol metiliko hitza (zaharra) metanola (IUPAC) baino gehiago erabiltzen da. Gai konplexu eta inorganikoak izendatzeko modu berri bat Stock sistema da. Han oxidazio egoera edo koordinazio balioa zenbaki erromatarren bidez adierazten da; horrela, adibidez, kobre (II) sulfatoa sulfato kuprikoaren ordez (CuSO4), edo nikel (III) hidroxidoa hidroxido nikelikoaren ordez (Ni(OH)3).