Nolde, Emil
(Jaiotza izenez Emil Hansen). Alemaniako margolari eta grabatzailea (Nolde, 1867 - Seebüll, 1956). Flensburgeko zur zizelkarien eskolan ikasi zuen; Suitzako Saint-Gall arte ederretako eskolan irakaslea izan zen. 1899-1900ean Parisen egon zen eta 1902an Berlinen. 1906az gero, erakusketak egin zituen Die Brücke («Zubia») taldekoekin; Der Blaue Reiter («Zaldun urdina») higikundeko kideekin ere harremanak izan zituen. Hasieran inpresionismoaren, Gauguin-en, Van Gogh-en eta Daumier-en eragina izan zuen, baina pixkanaka-pixkanaka espresionismora jo zuen. Munch-en lana eta Munch bera ezagutu zituen eta haren eragin nabarmena izan zuen. 1909tik aurrera erotismo handiko erlijiozko oso koadro bortitzak margotu zituen eta eskandalu handia sortu zuen. 1913-1915ean Ginea Berrian izan zen eta hangoen irudiak eta mozorroak margotu zituen itxuraldatuz eta oso margo biziekin. Nolden grabatuak eta koadroak oro har espresionismo alemaniarraren joeraren barruan dira. 1941ean naziek haren koadro gehienak bahitu zituzten. Autobiografia bat idatzi zuen: Das eigene Leben; Jahre der Kämpfe (1934, Norberaren bizita; borrokaren urteak). Koadro nagusiak: Arrosa gorriak eta horiak (1907), Neska gazteak dantzan (1909), Kristoren bizia (1912), Dantzariak kandelen argipean (1912), Irudia eta mozorroa (1913), Simeon (1915), Ameslariak (1916).