Noain Elortzibar
Nafarroa erdialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Mugak: iparraldean Aranguren, ekialdean Untzitibar eta Elo, mendebalean Galar eta Tiebas, eta hegoaldean Untzue eta Elo. Altuera 479 m. 48,11 km2 eta 3.669 biztanle (1991) (noaindarrak, elortzibartarrak). Auzoak eta herriguneak: Ezperun, Gerendiain, Imarkoain, Noain, Oritz, Otao, Dorre, Iharnotz, Zabalegi (herriburua), Zulueta eta Elortz. Elortz ibaiak zeharkatzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mendearen bukaeran galdu zen euskara. Industria (zurgintza, eraikuntza metalikoak, makineria) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, aireportua) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIV. mendeko San Migel Goiangeruaren eliza gotikoa, Erdi Aroko gurutzebidea eta XVIII. mendeko akueduktu neoklasikoa (1,245 m luze eta 99 arku). Aireportua, 1936. urtean zabaldu zena (2.207 m luze eta 45 m zabal). v Historia. Gudu latzak gertatu ziren Noain eta inguruetan Gaztela eta Nafarroako osteen artean 1521. urtean (Noaingo gudua). Frantsesen aurkako gerran ere han garaitu zituzten Espoz y Minaren gerrillariek oste frantsesak (1812).