no antzertia
Japoniako antzerki mota, kantua, poesia, musika, dantza eta mimoa nahasten dituena. Kanami antzezleak eta haren seme Zeami Motokiyo-k XIV. mendean eman zioten gaur egun duen moldea antzinatik zetorren no antzertiari. Zeami-k budismoaren joera estetikoak landu zituen, eta no-ari buruzko liburuxkak idatzi zituen, antzezleek eta egileek mendez mende beren prestakuntzarako erabili izan dituztenak. No antzertiak arau zorrotz aldaezinak ditu; hasieran kanpoaldean antzezten zen, gaur egun, berriz, antzokietan; agertokia oso sinplea du, jantziak eta mozorroak, berriz, guztiz apainak eta aberatsak; antzezleak gizonezkoak dira beti, eta bi antzezle nagusi daude: shite eta waki, bigarren mailako antzezleen eta abesbatza txiki baten laguntzaz jokatzen dutela. 250 antzerti-lan gorde dira, gehienak XIV. eta XV. mendeetan idatzitakoak. Emanaldi bakoitzak sei bat ordu irauten du eta bost motatako antzerti-lan antzezten dira.