ninfa 1
iz. Maila apaleko jainkosa, iturri, ibai, baso edo mendietan bizi zena. ik. nereida. Ninfek zelaien, basoen eta, oro har, izadiaren emankortasuna irudikatzen zuten. Homeroren poemen arabera Zeusen alabak ziren. Haitzuloetan bizi ziren eta hilkorrak izanik ere guztiz bizialdi luzea zuten. Jainkosa nagusien laguntzaileak ziren (Artemisarenak bereziki), eta goragoko maila bateko beste ninfen zerbitzuan ere izaten ziren (Kalipsorenak edo Zirzerenak esaterako). Oro har ez ziren gizonen etsai. Bestalde, amodioarekin zerikusia duten mito askotan azaldu ohi dira Pan edo Priapo jainkoen edo satiroen maitale gisa, nahiz eta Zeus, Apolo, Hermes eta beste askorekin ere harremanak izan zituzten. Bizi ingurunearen arabera, mota anitzetakoak ziren: ozeanidak itsas zabaleko ninfak ziren; nereidak edo itsaso bareko ninfak; oreadak, mendikoak eta haitzuloetakoak; alseidak, arboladietakoak, etab.