Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nikaragua

(Izen ofiziala, Nikaraguako Errepublika; Gazt., República de Nicaragua). Amerika erdialdeko estatua. Mugak: iparraldean Honduras, ekialdean Karibeko itsasoa, hegoaldean Costa Rica eta mendebaldean Ozeano Barea. 129.494 km2. 5.465.100 biztanle (2005), nikaraguarrak. Hiriburua: Managua. Hiri nagusiak: Leon, Granada, Masaya, Chinandega eta Corinto. Etniak: mestizoak (amerindiar-zuri nahastuak) % 69; zuriak % 17; beltzak % 9; amerindiarrak % 5. Hizkuntzak: gaztelania (ofiziala), ingelesa, miskitoera. Erlijioa: katolikoak % 95; protestanteak % 5. Dirua: cordoba urrea.  v  Orografia eta hidrografia. Nikaraguako mendebala mendi garaiez eta lur emankorreko haranez osatua dago. Ozeano Bareko itsasbazterraren parez pare, eta handik hurbil, Honduras eta Costa Rica lotzen dituen sumendi kate bat dago (San Cristobal, 1.475 m). Bestalde, hego-mendebalean antzira asko dira, eta horietatik bi, Managua edo Xolotlan eta Nikaragua edo Cocibolca (8.262 km2), oso handiak dira; azken honek sumendi jatorriko uharte asko ditu (Concepcion, 1.610 m). Aintzirak diren sakanaren ekialdean, ibaiek irekitako haran sakonez berezita, hainbat norabidetako mendikateak daude: Entre Rios (Mogotón, 2.107 m), Isabelia, Huapi eta Chontaleña. Mendietatik ekialdera lurraldearen garaiera apalduz doa Karibeko itsasbazter zelai zingiratsuraino (Mosquitos kostaldea). Lurraldearen egitura dela eta, lurrikarak izateko arrisku handia da Nikaraguan.  v  Ozeano Barera isurtzen duten ibaiak oso laburrak dira, eta horietatik luzeenak ura Fonsecako golkoan isurtzen duten Negro eta Estero Real ibaiak dira. Karibeko itsasora isurtzen duten ibaiak, aldiz, luzeak, ur emari handikoak eta, zenbait kilometrotan, ontziz ibiltzeko egokiak dira. Horien artean, hauek dira nagusiak: Coco edo Segovia (685 km), Honduras eta Nikagaraguaren arteko muga eratzen duena, Prinzapolca, Grande de Matagalpa, Escondido, eta Costa Ricarekin mugatzen duen San Juan.  v  Klima eta landaredia. Nikaraguak klima tropikala du, urtarriletik maiatzera sasoi lehorra eta maiatzetik abendura euri sasoia dituena. Nikaraguako ekialdea, ordea, mendebala baino zertxobait epelagoa eta askoz hezeagoa da, eta sasoi idorrak ez du ia eraginik; hala, mendebalean 1.900 mm euri izaten dira urtean eta 4.000 mm berriz ekialdean. Urteko batez besteko tenperatura 27 °C ingurukoa da. Nikaraguako lurraldearen erdia baino gehiago baso tropikalak hartzen du; oso trinkoa da toki batzuetan, eta zur bikaineko zuhaitzak ditu Zuhaitz mota asko daude, eta besteak beste, ugari dira almendrondoak, intxaurrondoak, zedro eta pinu mota batzuk, kaoba, guaiakana eta mizpirondoa. Mendebaleko lur beheretan sabana da nagusi, eta basoa ibarretan baino ez da.  v  Biztanleak eta gizartea. Nikaraguako biztanle gehienak hainbat arrazaren nahasketen ondorengoak dira: mestizoak (zurien eta indiarren artekoak), zanboak (indiarren eta beltzen artekoak) eta mulatoak (zurien eta beltzen artekoak). Horiez gainera zuriak, beltzak eta Nikaraguako bertako indiarrak ere (sumoak eta miskitoak) badira.  v  Atlantiko aldeko eskualdean (lurralde osoaren erdia baino gehiago hartzen du) biztanleen % 8 baizik ez da bizi; izan ere, baso trinkoez estalia dago eta ia ez dago garraio azpiegiturarik. Herrixka sakabanatu batzuk badaude, han-hemenka, anglofonoak batez ere. Ekonomiaren ikuspuntutik, garrantzi gutxiko eskualdea da. Basoko ustiapen batzuk salbuetsita (zur preziatuak, kautxua…), eskualde honetako biztanle gehienak (indiarrak edo beltzen ondorengoak) iraupeneko nekazaritzatik, ehizatik eta arrantzatik bizi dira. Mendebalderago, lurraldearen erdialdean, mestizoak dira nagusi eta jende gehixeago bizi da: 16tik 21 biztanlera km2-ko. Eskualde honetako biztanleak, batez ere, abere hazkuntzatik eta kafea eta kotoia ekoiztetik bizi dira. Mendikatearen mendebaldeko isurialdean eta, batez ere, Ozeano Barearen aldeko kostalden dago, aldiz, Nikaraguako gune nagusia, bai demografiaren, bai ekonomiaren aldetik. Biztanleen % 60 baino gehiago, gutxiengo zuria tartean dela, lurralde horretan (eremu osoaren % 15 inguru) kontzentratzen da. Sumendi jatorriko lurren emankortasuna dela-eta, nekazaritza intentsiboa da eskualde horretan: kafea eta kotoia ekoizten dira, batik bat, baina baita bananak, arroza eta azukre kanabera ere. Eskualde horren bihotzean, bi aintzira handienen erdian, Managua dago, hiriburua eta herrialdeko administrazio, merkataritza, ekonomia eta garraio zentro nagusia. Gainera, hiriburuaren aldirietan kontzentratzen da Nikaraguako industria guztien % 80. Halaber, azken eskualde honetan ekoizten da nekazaritza balio osoaren % 70.  v  Hizkuntza ofiziala gaztelania da, baina ekialdeko basoetan bizi diren talde batzuek ingelesa edota miskitoera erabiltzen dituzte. Adin egiturari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 44 dira, 15-64 urte bitartekoak % 54, eta 65 urtez gorakoak % 2 besterik ez. 64 urteko bizi itxaropena dute Nikaraguako gizonezkoek, eta emakumezkoek 69koa. Emankortasun indizea 4,14 haurrekoa da emakumeko. Nikaraguako biztanleriaren ia erdia, beraz, 15 urtetik beherakoa da.  v  Lehen eta bigarren mailako hezkuntza doan eta nahitaezkoa da, baina azpiegitura oso txarra da (ikastetxeak eta irakasleak falta dira) eta haurren hiru laurdenek lehen mailako ikasketak egiten badituzte ere, gutxi iristen dira bigarren mailakoak egitera. Goi mailako ikasketak egiteko zentro nagusiak, berriz, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatea, Nikaraguako Unibertsitate Politeknikoa (biak Managuan), eta Nikaraguako Unibertsitate Autonomo Nazionala (1812, Leon) dira.  v  Gobernua eta administrazioa. Nikaragua errepublika bat da. 1986an onartutako konstituzioaren arabera, lehendakariak du aginpide eragilea eta Nazio Biltzarrak, berriz, legegintzako aginpidea. Esan behar da errepublikako lehendakaria, aldi berean, gobernuko eta estatuko buru dela. Nazio Biltzarra 90 diputatuz osatua dago, eta 16 urtetik gorakoen sufragio unibertsalez aukeratzen da, sei urteko legealdirako.  v  1980ko hamarraldian, Nikaraguako alderdi politiko nagusia Nazio Askapenerako Fronte Sandinista (FSLN) izan zen. 1962an sortutako alderdi horrek, oposizioko beste hainbat indarren laguntzarekin; 1979an Somoza agintetik botatzea lortu zuen eta bera egon zen agintean 1990 urtea arte. Urte hartako hauteskundeak eskuineko (eta sandinismoaren aurkako) UNO koalizioak irabazi zituen. 1996ko azaroko hauteskundeak, berriz, Alianza Liberal izeneko koalizioak irabazi zituen eta, beste izen baten pean izanik ere, UNO osatzen zuten zentroko eta eskuineko alderdi gehientsuak zeuden atzetik.  v  Ekonomia. Nikaragua herrialde behartsua da, eta orain areago, Mitch urakanak, 1998an, deseginda utzi baitzuen. Haize erauntsi ikaragarri haren aurretik, gainera, biztanleen erdiak, gutxi gorabehera, bizitzeko gutxieneko premiak estali ezinik bizi ziren. Nekazaritza da herrialdeko jarduera nagusia, sektore horretatik zuzenean bizi den biztanle kopurua alde bat utzirik, industria gehiena ere nekazaritza produktuen elaborazioan oinarritzen baita. Barne produktu gordinaren % 32 nekazaritzari dagokio, eta sektore horretan enplegatzen da biztanleria aktiboaren % 31. Lantzen diren gaiei dagokienez, bizibidea ateratzekoak eta salmentarakoak bereizi behar dira: lehenbizikoen artean artoa, arroza, basartoa eta babarrunak dira nagusi, eta bigarrenen artean, berriz, kafea, kotoia, bananak, azukre kanabera eta kakaoa. Laranjak, tapioka, ananak eta sesamoa ere ekoizten dira. Abeltzaintza (behiak, zerriak eta hegaztiak), behi hazkuntza bereziki, garrantzi handiko jarduera da Nikaraguaren erdialdean batez ere, eta haragia esportatzeko adina ekoizten da. Basoaren ustiapenak (kaoba, zedroa, palisandroa…) nolabaiteko garrantzia baino ez du, garraio azpiegiturarik eza dela-eta. Hala ere, 1990ean, urteko zur ekoizpena 3,6 milioi m3-koa izan zen. Arrantza, bestalde, molde zaharren arabera egiten da, bai ur gazitan nola gezatan (aintzira eta ibai handi asko ditu). 1990 aldera, 5.700 tonatik gora harrapatu ziren urtean. Arrantzatutako gehiena Nikaraguan bertan kontsumitzen da eta esportaziorako espezie nagusia izkirak dira (3.000 tonatik gora harrapatu ziren 1990ean).  v  Bigarren sektoreari –industria eta meatzaritza– BPGren % 24 dagokio eta biztanleria aktiboaren % 15 enplegatzen da bertan. Ustiatzen diren mea baliabideen artean aipatzekoak dira urrea (nagusia), kobrea eta zilarra. Industria, batik bat, Nikaraguan ekoiztutako gaien lanketan oinarritzen da, janari eta edari industrian gehienbat: azukrea, garagardoa, rona, olioa, haragi kontserba; pospologintza, larrugintza, kotoi ehungintza; petrolio findegi bat eta porlan lantegiak ere badira. Nikaraguak erregaiak inportatu beharra du, baina zentral hidroelektrikoetatik lortzen du behar duen energiaren parte handi bat.  v  Merkataritza balantzan defizit handia du Nikaraguak. Esportatzen dituen gaien artean kafea, itsaskiak (izkirak), haragia, azukrea, urrea eta bananak daude. Inportatzen dituen produktu nagusiak, berriz, kontsumorako ondasunak, makineria eta tresneria, eta petroliaren deribatuak dira. Nikaraguarekin merkataritza harreman gehienak dituzten herrialdeak ondorengo hauek dira: Estatu Batuak, Erdialdeko Amerikako herrialdeak, Alemania, Kanada, Venezuela eta Japonia.  v  Nikaraguak garraio azpiegitura aurreratu gabea du. Errepide sarearen ardatza Hondurasekin eta Costa Ricarekin lotzen duen errepide panamerikarra da, Nikaraguako toki jendetsuenetan barrena 368 km egiten dituena. Guztira, 16.000 km inguru errepide ditu, baina horietatik 1.800 baizik ez dago asfaltaturik. Garrantzizkoak dira, bestalde, ontzi bidezko garraioak, aintzira eta ibaietan. Nazioarteko hegaldietarako aireportu bat dago Managuatik hurbil.  v  1998an, Nikaragua, abian jarritako hainbat ekonomia erreformari esker, hamar urteko anai arteko gerraren ondorio latzak atzera uzten hasita zegoen eta ekonomia hazkunde indartsua bizi zuen, baina 98ko udazkenean, Mitch urakanak hankaz gora bota zituen ekonomia indize guztiak eta, herrialdea suntsiturik utzi ondoren, lehenaz gain, gogortu egin zuen Nikaraguaren etorkizuna. Gutxi gorabehera, bilioi bat dolarreko kalteak eragin zituela kalkulatzen da. Kalterik handienak –milaka pertsonak bizia galtzeaz gainera–, nekazaritzan izan ziren, sektore horretakoak baitira Nikaraguako esportazio gehienak. Hala, 1999an, 900 milioi dolar inguruko merkataritza defizita jasan zuen Nikaraguako ekonomiak. Nazioarteko laguntza asko zuzendu dira, harrezkero, Nikaraguara, baina bidaltzen diren laguntza guztiak eta urte asko beharko dira oraindik haizetearen aurreko egoerara itzuli ahal izateko.  v  Historia. Nikaraguako antzinako biztanleak Hego Ameriketatik joan eta mendebaleko itsasaldean kokatu ziren. X. mendean Mexikotik eta Erdialdeko Amerikako beste toki batzuetatik ere iritsi ziren indiar leinu batzuk. Cristobal Colón 1502an iritsi zen Nikaraguara. Europatik ekarritako eritasunen eta kolonizatzaileen gehiegikerien eraginez, biztanleria asko urritu zen denbora laburrean. 1520an Francisco Fernández de Córdoba espainiarrak Granada eta Leon hiriak sortu zituen. Bi hirien artean liskar ugari izan ziren sortu zirenetik: Leon liberalen gune izan zen, eta Granada, berriz, kontserbadoreena eta aristokraziarena. XVII. eta XVIII. mendeetan ingeles itsaslapurrak Karibeko itsasaldean lehorreratu ziren. Horren ondorioz, Britainia Handiak Mosquitos itsasaldea bere babesean hartu zuen (1740-1786). 1800. urte inguruan Espainaren mendetik askatzeko borrokak izan ziren Nikaraguan. 1826an Erdialdeko Amerikako Probintzien Batasuneko estatu egin zen, baina 1838an elkartea utzi zuen. Nikaraguak 1838an lortu zuen independentzia, eta handik aurrera liberalen eta kontserbadoreen arteko borrokak izan ziren nagusi. Granada eta Leon hiriek hiriburu izan nahi zuten, eta urteetan zehar txandaka izan ziren bata eta bestea, bi hirien arteko hitzarmenez, 1857an bi hirien erdian zegoen Managua hiriburu egin zuten arte. Kontserbadoreak aginpidean egon ziren XIX. mendearen bigarren erdialdean, baina 1893an liberalak izan ziren nagusi. Liberalek 1909 arte izan zuten aginpidea. Estatu Batuen laguntzaz, kontserbadoreen eskuetan geratu zen arte, hain zuzen. Estatu Batuek gudarostea bidali zuten lehendakariari laguntza emateko, eta han geratu zen 1925 arte. Urte horretan gerra zibila izan zen berriz liberalen eta kontserbadoreen artean. Berriro itzuli ziren Estatu Batuetako gudarosteak eta liberalak menderatu zituzten 1927an. 1928ko eta 1932ko hauteskundeetan liberalak izan ziren irabazle. 1933an Estatu Batuetako gudarosteek alde egin zuten Nikaraguatik, baina hango Goardia Nazionala prestatua utzi zuten istiluak sortzen baldin baziren haiei aurre egiteko.  v  1934an Goardia Nazionaleko Anastasio Somoza García buruzagiak eragin zuen liberalen buruzagi César Augusto Sandinoren hilketa, eta 1936an iritsi zen lehendakaritzara. Hogei urtez egon zen aginpidean. Haren agintaldian ekonomiaren irabaziak somozatarrentzat eta haien aldekoentzat izan ziren. 1956an hil zuten eta haren seme Luis Somoza Debayle izan zen ordezkoa 1967 arte; ondoren haren anaia Anastasio Somoza izan zen lehendakari. Bitarte horretan Somozaren aurkakoek, sandinistek (César Augusto Sandinoren omenez), gerrilla sortu zuten 1962an.  v  1972an lurrikara izugarria izan zen Nikaraguan. Managuan 6.000 hildako izan ziren eta 300.000 lagun geratu ziren etxerik gabe. Lurrikarak eragindako hondamendiari aurre egiteko atzerriko herrietatik iritsitako dirua Somozaren familiak gorde zuela jakin zenean, izugarri indartu ziren gobernuaren kontrako higikundeak. Sandinistek bildu zituzten indar horiek, eta matxinatu eta aginpidetik bota zuten Somoza, 1979an. Urte hartatik 1985 arte Frente Sandinista de Liberación Nacional (Nazio Askapenerako Fronte Sandinista, FSLN) erakundearen Batzordea egon zen aginpidean, Daniel Ortega lehendakaritzan zela. Bestalde, Nazioa Berritzeko Gobernuaren eskuetan zeuden aginpide eragilea eta legegintzako aginpidea, eta honek Estatuko Kontseiluaren aholkua zuen egiteko horretan. Sandinisten gobernuak Somozaren familiaren esku zeuden ondasunak bereganatu zituen. Harreman estuak izan zituen Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin, eta Estatu Batuekin, berriz, gero eta okerragoak. 1980. urte inguruan, Estatu Batuen laguntzarekin, sandinistak gobernutik kentzeko talde armatuak sortu ziren (contra). 1984an hauteskundeak izan ziren, eta sandinisten esku zegoen administrazio berri batek hartu zuen ordu arteko Batzordearen lekua, 1985ean. 1986-1987 urteetan Erdialdeko Amerikako hainbat herrialde bake hitzarmenak prestatzen eta sinatzen ahalegindu zen. Horren ondorioz, 1989an, zazpi urtez indarrean egondako salbuespen egoera amaitu zen Nikaraguan. Hala, 1990eko otsailaren 25ean, hauteskundeak egin ziren, nazioarteko behatzaileak bertan zirela; UNO (Oposizioko Nazio Batasuna, zentro-eskuineko 14 alderdi politiko biltzen zituena) atera zen garaile, eta Violeta Barrios de Chamorro hautatu zuten lehendakari urte bereko apirilean. 1990etik 1996ra, Violeta Chamorroren gobernu taldearen trantsizio demokratikoaren prozesua eta berradiskidetze nazionala burura eramatea izan zen zeregina. “Contrak” armak utzi zituen, Estatu Batuek blokeoa altxatu zuten, eta sandinistek, beren aldetik, onartu zuten indar erlazio berrian gutxiengoa izatea. Militar erregularren % 90 desmobilizatuak izan ziren. Gerra amaitzeak bide eman zion Nikaraguako ekonomiari zegoen zulotik ateratzeko, baina zereginak pilatzen zitzaizkion: Ameriketako herrialderik behartsuenetakoa zen Nikaragua, kanpo zorraren astuntasunak leherturik zeukan eta ez zen gai biztanleria aktiboaren % 40 baino gehiagori lana emateko. Sandinistak ahalegindu ziren 1990ean galdutako agintea berreskuratzen, ekonomia krisiak eragindako egonezinari probetxu atereaz, baina demokratizazio prozesuak beste norabide bat hartu zuen 1995eko konstituzioaren erreformatik aurrera. Sandinistak ez ziren, harrezkero, oposizioko beste indar bat baizik. 1996ko azaroko hauteskundeak liberal batek irabazi zituen, Arnoldo Alemanek, baina lehenago UNO osatu zuten indar politikoak zeuden atzetik. Lehendakari berriak Violeta Chamorrok hasitako liberalizazio politikarekin jarraitu zuen eta atzerriko inbertsioak erakartzen ahalegindu zen. Inflazioa jaistea eta hasita zegoen zenbait azpiegitura proiektu gauzatzea lortu zuen. Baina Nikaraguaren berpizte erlatibo hori txiki-txiki eginda geratu zen, 1998ko urrian Mitch urakana pasa zenean. Milaka eta milaka pertsona desagertu ziren, nikaraguarren % 10 bizilekurik gabe geratu zen, errepide sarearen bi heren hondaturik geratu ziren eta nekazaritza uzten % 70 galdu ziren. 2001ean alderdi liberalak irabazi zituen berriro ere hauteskundeak, Enrique Bolaños buru zela. Bolañosek Alemán presidentearen kontrako salaketak ikertzen jarraitu zuen (dirua zuritu izana eta korrupzioa), eta azkenik, 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten lehendakari ohiari. Alemánen aldeko hainbat kidek eta kongresuko beste hainbatek, kide sandinistekin bat eginik, Bolaños lehendakariaren eta bere ministroen boterea mugatu zuten, eta dimiti zezan eskatu zioten. 2006ko hauteskundeen ondoren, Daniel Ortega itzuli zen lehendakaritzara.
http://www.cancilleria.gob.ni/