nibelungo
(Al. Nibelungen). iz. Mit. Germaniar mitologiako herri bateko kidea. Nibelungoak nanoak ziren, eta ondasun askoren jabeak. Nibelungoen kantuaren arabera, burgundiarrak nibelungoen altxorraz jabetu zirenez gero burgundiarrei nibelungo deitu zitzaien. v Nibelungoen kantua (Al. Nibelungenlied). Germaniar poema epiko nagusia, XII. mendean olerkari ezezagun batek idatzia eta, bi partetan banatua, Sigfridoren bizitza eta heriotza eta haren emazte Krimhildaren mendekua kontatzen dituena. Sigfrido, Nibelungoen altxorraren eta bere burua ikustezin bihurtzen duen kapa baten jabe egin dena, Krimhildarekin ezkontzen da. Krimhilda Gunther-en, burgundiarren erregearen, arreba da. Guntherrek, Sigfridoren laguntzari esker, Brünhilda Islandiako erregina erakartzea eta harekin ezkontzea lortzen du. Brünhildak, hura ezkontarazteko erabilitako amarruaren berri jakin zuenean, Sigfrido hilarazten du. Hagen, Sigfridoren hiltzaile eta Brünhildaren morroi leiala, Nibelungoen altxorraz jabetzen da. Senarra mendekatzeko, Krimhildak hunoen errege Etzel (Atila) senartzat hartzen du eta, hunoen eta burgundiarren arteko gerra pizten du; gerra hartan denak hiltzen dira. Poemaren egileak mitoak eta elezaharrak erabili zituen obra osatzeko baina gertaera batzuek, burgundiarren eta hunoen arteko gerrak adibidez (V. m.), oinarri historikoa dute. XIX. mendean Alemaniako idazle eta musikari askoren lanek Nibelungoen kantua hartu zuten gaitzat. Horien artean aipatzekoa da Richard Wagner-en Der Ring des Nibelungen opera (1853-54, Nibelungoen eraztuna).