N'Dour, Youssou
Senegaldar abeslaria (Dakar, 1959). Amak Senegalgo musika tradizionala jotzen eta kantatzen zuen. Berak erakutsi zizkion wolof musikaren oinarriak. Hamabost urte zituela, Youssou Super Diamono taldearekin hasi zen Afrikan zehar kantuan. Hurrengo urtean Star Band musika taldeko zuzendaria izan zen. 1981ean Super Étoile de Dakar taldea sortu zuen, eta Europan zehar ibili zen Senegalgo erritmo tradizionalaren (mbalax) bertsio modernoak interpretatzen. Parisen Immigrés eta Nelson Mandela diskoak grabatu zituen. Disko horiek Peter Gabrielen gustukoak izan ziren, eta 1987an elkarrekin ibili ziren Europan, Japonian eta Estatu Batuetan hainbat musika jaialdi eskaintzen; Peter Gabrielen So diskoan parte hartu zuen. Paul Simonen Graceland-en (1986) ere kantatu zuen, eta Nelson Mandelaren hirurogeita hamargarren urtebetetzeko kontzertuan (Londres, 1988) parte hartu zuen. 1989an Amnesty International-en aldeko hainbat kontzertu eman zituen. 1989an The Lion grabatu zuen, zati bat ingelesez, eta bestea wolof hizkuntzaz, mendebaldeko pop musikako tresnak Senegalgo folkloreko tresnekin (tama danborrarekin) elkartuz. Bere kantarik arrakastatsuena, Neneh Cherryrekin kantatzen duen "Seven Seconds" abestia, Wommat (1994) diskoan du.
- Nazor, Vladimir
- Nb
- NBE
- Nd
- n'djamenar
- N'Dour, Youssou
- Ne
- Neagh
- Neanderthal
- Nearko
- neba