Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nauru

(Izen ofiziala, Nauruko Errepublika; naurueraz, Naoero). Ozeaniako uhartea eta estatua, Ozeano Barearen hego-mendebaldean, ekuatoretik oso hurbil, Australiatik ipar-ekialdera, 4.000 km ingurura. 21,2 km2 eta 13.048 biztanle (2005, nauruarrak). Hiriburua: Yaren (1.100 biztanle, 2005). Talde etnikoak: nauruarrak, inguruko uharteetakoak, txinatarrak, europarrak. Hizkuntzak: nauruera (ofiziala), ingelesa. Erlijioak: kristauak (bi heren protestanteak, heren bat katolikoak), Txinako herri sinesmenak. Dirua: Australiako dolarra.  v  Orografia. Nauru koralezko uhartea da. Erdian 60 m garai den goi-ordoki bat dago, fosfato haitzezko geruza batek estaltzen duena. Uhartearen gailurrak 213 m ditu. Goi-ordokiaren inguruan 150-300 m-tako zabalera duen itsasbazterra dago, uharteko lur emankor bakarrak dituena. Uhartearen hego-mendebaleko sakan batean Buada aintzira dago, aldian behin itsasoko urez bete ohi dena.  v  Klima eta landareria. Nauruko klima bero hezea da, euri eta lehor sasoi bana dituela. Batez beste 2.000 mm euri egiten du urtean, eta tenperatura, egunez, 30 °C ingurukoa da. Uhartean diren landare gehienak itsasbazterrean eta Buada aintzira inguruan hazten dira: palmondoa, pandanus zuhaitza, zuhaixkak eta sasiak.  v  Biztanleak eta gizartea. Biztanleen % 58 nauruarrak dira jatorriz, hau da, polinesiarren, mikronesiarren eta melanesiarren ondorengoak; biztanleen % 26, berriz, Kiribati, Tuvalu eta Filipinetako uharteetatik joandakoak dira; europarrak % 8 dira eta txinatarrak beste % 8. Hizkuntza ofizialaz gainera, ingelesa asko erabiltzen da, merkataritza harremanetan batez ere, eta eskoletan irakasten da. Biztanle gehienak uharte guztia inguratzen duen kostako zerrenda estu emankorrean bizi dira (hegoaldean batez ere). Gainerako guztia ordoki zabal bat da, 60 metro inguruko garaieran, munduko fosfato hobi aberatsenetako bat gordetzen zuena. Biztanle dentsitatea 500 biztanle km2-ko da. Osasun zerbitzuak onak eta doan dira. Hezkuntza doan eta nahitaezkoa da 6-16 urte bitartekoentzat. Jaiotza eta heriotza tasak herrialde aurreratuenen antzekoak dira.  v  Gobernua eta administrazioa. Nauru errepublika bat da. Ganbera bakarreko parlamentua du, 18 kidez osatua. Hauteskundeak hiru urtetik behin egiten dira, eta 20 urtez gorako pertsona guztiek dute botoa emateko eskubidea eta obligazioa. Legebiltzarrak aukeratzen du errepublikako lehendakaria legebiltzarkideen artetik. Lehendakaria estatu eta gobernuburua da, aldi berean, eta berak hautatzen ditu gobernua osatuko duten ministroak. Nauruko alderdi politiko nagusiak Nauru Alderdia eta Alderdi Demokratikoa dira. Commonwealth erakundeko kide da Nauru.  v  Ekonomia. Uhartearen baliabide nagusia eta ia bakarra fosfatoen ustiapena izan da azkeneko ia ehun urteotan eta, horri esker, Nauruko pertsona bakoitzeko Barne Produktu Gordina (BPG) munduko handienetako bat da. 1980ko hamarraldiaren erdialdera, urteko 1,6 miloi tona fosfato esportatu ziren Australia, Zeelanda Berria, Filipinak, Hego Korea eta Japoniara, ongarriak egiteko batik bat. 1990 aldera, ordea, eskaera jaitsi egin zen, eta baita fosfatoen esportazioa ere. 1970ean fosfatoen ustiapena estatuak bere gain hartu zuenetik zerbitzu publiko gehienak (hezkuntza, osasuna, etxebizitza etab.) doan edo oso merke dira, eta Nauruko biztanleek ez dute zergarik ordaintzen. Fosfato hobiak, nolanahi ere, aurki agortuko dira (2000. urte inguruan, kalkulatzen da) eta, horrenbestez, gobernua beste irabazpide batzuk sustatzeko ahaleginak egiten ari da. Meatzaritzak kalte handiak eragin ditu uhartean eta inbertsio handiak egin behar dira ingurunea bizitzeko moduko baldintzetara berriro ekartzeko. Nauruko gobernua zerbitzuetan eta industrian inbertitzen ari da, fosfatoen diru iturria amaitzen denerako. 1993an Australiarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, Australiak 80 milioi dolarreko konpentsazioa ordaindu behar dio Nauruko gobernuari, uhartea mendean izan zuen bitartean meatzeetan eragindako kalteen ordain gisa.  v  Nekazaritza eta abere hazkuntza etxekoen mantenurako dira soilik: kokoak, bananak, ananak eta barazkiak. Halaber, Nauruko arrantza jarduera herrialdeko arrain premia asetzeko besterik ez da gaur egun, baina badirudi gobernua arrantza baliabideak gehiago ustiatzeko asmotan dabilela, etorkizunean. Nauruk fosfatoak esportatzen ditu, eta elikagaiak, erregaiak eta ura inportatzen. Merkataritza harreman gehienak Australia, Zeelanda Berria, Erresuma Batua eta Japoniarekin ditu. Nazioarteko aireportu bat dago Yaren-dik hurbil.  v  Historia. 1798an heldu ziren europarrak lehen aldiz Naurura, eta urte hartan esploratu zuen John Fearn kapitain britainiarrak. 1888an Alemaniaren kolonia bilakatu zen. 1899an aurkitu zituzten fosfato hobiak. 1914an, Alemaniaren kolonia zela, Australiari errenditu zitzaion, eta 1920an, Nazio Elkarteak aginduta, Australiaren administraziopean geratu zen. 1942tik 1945era Japoniak okupatu zuen, eta 1947an NBEren mende geratu zen. 1968ko urtarrilaren 31n erdietsi zuen independentzia Nauruk: bere burua errepublika aldarrikatu zuen eta, urte berean, Commonwealthen sartu zen. 1978an, Hammer DeRoburt hautatu zuten lehendakari, ordu arte lehendakaritzan egondako Bernard Dowiyogoren ordez, eta 1989 arte postu horretan egon zen, 1986 eta 1987 arteko denboraldi labur bat salbuetsita, Kennan Adeang egon baitzen orduan estatuaren buruan. 1989ko abuztuan, politika nahasmen handiko denboraldi baten ondoren, dimititzera behartu zuten DeRoburt. Bernard Dowiyogo izendatu zuten urte horretan lehendakari, eta 1992an berriro hautatu zuten postu bererako. 1995eko azaroan, Harris Lagumotek kendu zion lehendakaritza, baina handik urtebetera, Dowiyogo zen berriro Nauruko lehendakari. 1996aren azken aldera, Kennan Adeang igo zen gobernuburura baina ez zituen aste batzuk baizik egin. 1996ko abenduan, Rueben Kun-ek hartu zuen haren lekua, 1997ko otsailaren 8an berriro hauteskundeak egin ziren arte. Kinza Clodumar izan zen garaile 1997ko hauteskundeetan, baina 1998ko ekainaren 17an, Bernard Dowiyogo eseri zen, berriro, lehendakariaren aulkian. 1989-2003 urteetan 17 aldiz aldatu da administrazioa Naurun. 2003an Dowiyogo hil egin zen, lehendakaria zela, eta Ludwig Scotty hautatu zuten ondorengo. Lehendakari berriarekin ezegonkortasun garaia amaituko zela uste bazen ere, gobernuak konfiantza botoa eskatu zuen; Harrisek, ordea, lehendakaritzara itzultzeko babesa lortu zuen. 2004. urtean larrialdi egoera ezarri zuen eta parlamentua desegin zuen, ez baitzuen aurrenkotuaren onespena lortu; hauteskundeak deitu zituen eta gehiengoa lortu zuen.
http://www.discovernauru.com/