Narváez, Luis de
Espainiar musikagilea eta bihuela-jotzailea (Granada, 1500 inguruan - ?, 1555 inguruan). 1548. urtetik aurrera, Filipe II.a printzearen kaperako haur kantarien maisua izan zen, eta Ingalaterran, Flandesen, Italian eta Alemanian egin zituen bidaietan lagundu zion printzeari. Berak sartu zuen lehendabiziko aldiz Espainian «diferencias» (aldaerak) izeneko forma; ezagunenetako bat Guárdame las vacas izan zen. 1538. urtean argitaratu zuen Los seis libros del Delphin de música de cifra para tañer vihuela. Lan ezagun horretan aldaerak, 14 fantasia, erromantzeak eta ahots eta tresnetarako musika bildu zituen, besteak beste.