Nairobi
Kenyako hiria, estatuko eta izen bereko probintziako hiriburua; 1.104.000 biztanle (1992). Goi-ordoki batean dago, 1.640 m-ko altueran. Kenyako merkataritza eta industria hiri nagusia da. Artzapezpikutegia. Metalurgia, porlana, janari industriak eta ehungintza. Garrantzi handiko turismogunea da, bertan safari asko antolatzen baita, Afrikako fauna babesten duen “National Park” erreserba handira. Nairobiko aireportua Europa eta Afrikako hegoaldea lotzen dituen komunikabidegunea da. Unibertsitatea 1956an sortu zuten. Nairobik garapen eta indar handia lortu zuen, Mombasatik Ugandaraino, kostaldean barrena, burdinbidea eraikitzen hasi zenean. 1899an sortu zen, baina 1920ean goitik behera berritu zen hiria.