NAFTA. (North American Free Trade Agreement;
Eusk., Ipar Ameriketako Merkataritza Librerako Hitzarmena). Ipar Ameriketako merkataritza askerako elkartea, Estatu Batuek, Mexikok eta Kanadak osatzen dutena. Elkartea 1988. urtean sortu zen, eta Estatu Batuen eta Kanadaren arteko merkataritza askerako hitzarmena izan zuen abiapuntua. Akordioaren lehen helburua Ipar Ameriketan esparru bateratu bat sortzea zen; Estatu Batuetan George Bush, Kanadan Brian Mulroney, eta Mexikon Carlos Salinas de Gortari buru zirela negoziatu zen. 1992ko abuztuan hartu zen aurretiko hitzarmena, eta aipaturiko hiru ordezkariek 1992ko abenduaren 17an sinatu zuten. Bestalde, 1993. urtean berretsi zuten hiru herrialdeetako parlamentuek, eta 1994. urteko urtarrilaren 1ean ezarri zen hitzarmena indarrean. NAFTA-ren sorkuntza, hein handi batean, Europar Batasunak herrialde kideen artean merkataritza harremana areagotzeko helburuaz muga-zergak ezabatzerakoan izan zuen arrakastak sustatu zuen; munduko hiru bloke ekonomiko indartsuenen (AEB, Japonia eta Europar Batasuna) artean egindako merkatu eta ekonomia integrazio prozesuaren ondorioa da. NAFTAren helburu nagusia estatu kideen arteko kapital, ondasun eta zerbitzuen zirkulazio askerako oztopo guztiak ezabatzea da. Horretarako 15 urteko epea ezarri zen hitzarmenean, nahiz eta muga-zergak murrizteko aurreikusitako erritmoa aldatu egiten den sektore ekonomikoen arabera.
- Nafarroako Foru Erregimenaren Berrosaketa eta Hobekuntzarako Lege Organikoa
- Nafarroako Foru Erkidegoa
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- nafartar
- nafartasun
- NAFTA. (North American Free Trade Agreement;
- nafta
- naftaleno
- naftalina
- naftol
- Nafud, an