Nafarroa Beherea
Euskal Herriko iparraldeko herrialdea, egun Frantziako Estatuaren barneko Pirinio Atlantikoak departamenduko parte dena. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoarekin batera Euskal Herria osatzen du. Ipar Euskal Herriko herrialderik handiena da; 1.318 km2 ditu eta 28.377 biztanle (2001). Mugak: Biarno eta Landak iparraldean; Zuberoa, ekialdean; Lapurdi, mendebalean eta Nafarroa Garaia, hegoaldean. Hiriburua, Donibane Garazi. Hiri nagusiak: Donapaleu, Baigorri eta Bidaxune. Kantonamenduak: Bastida (3 udalerri), Bidaxune (6 udalerri), Lapurdiko Hazparne (3 udalerri), Iholdi (14 udalerri), Baigorri (11 udalerri), Donibane Garazi (19 udalerri) eta Donapaleu (20 udalerri). Zazpi eskualde historiko nagusi ditu Nafarroa Behereak: Baigorri, Garazi, Ortzaize, Oztibarre, Amikuze, Arberoa eta Irisarri-Iholdi-Armendaritze. v Orografia. Nafarroa Behereko hegoaldea menditsua da, Pirinioak hartzen baititu; iparraldera egin ahala, ordea, orografia are eta lauago egiten da. Pirinioetako mendiak daude hegoaldean. Aipagarriak dira mendebalean, Baigorriko eskualdean: Iparla (1.044) eta Auza (1.035); ekialderantz, Garaziko eskualdean: Okabe (1.463 m), Kurutxeta (1.331 m), Urkulu (1.413 m) eta Errozate (1.346 m). Ekialdean, Zuberoarekin muga eginez, Arbailako mendiak daude. Garaziko eskualdean Iratiko basoa dago, Pirinioaz bestaldera hedatzen dena. Donibane garazitik iparraldera lurraldea are eta lauago bilakatzen da. v Hidrografia. Ibai ugari ditu Nafarroa Behereak. Ibai guztiak Pirinioetan sortu eta Kantauri itsasora doaz, Egurgiko erreka izan ezik, hau Irati ibaiarekin elkartzen baita. Bi ibai nagusik zeharkatzen dute herrialdea: Errobi ibaia (75 km), Donibane garazitik, Ortzaizetik eta Baigorritik igarotzen dena, eta Biduze ibaia, Arberoa, Landibarre, Ostibarre eta Amikuzetik igarotzen dena. Aturri ibaiaren adarrak dira biak. Errobi ibaiak Errozateko mendian du iturburua eta Baionan egiten du bat Aturri ibaiarekin; Beherobia, Arnegi, Luribar, Lakarra eta Aldude ibai adarren ura jasotzen du. Biduze ibaiak (80 km) Hoztako mendietan du iturburua eta Aturri ibaiarekin elkartzen da Lapurdiko Gixune herrian. Aran-Landibarre eta Lihuri-Arberoa dira Biduze ibaiaren adar nagusiak. v Klima. Klima atlantikoa du, epela eta hezea. v Landaredia. Landaredia klima atlantiko hezeari dagokiona da. Mendialdean pagadia eta pinudiak ugari dira. Beherago, haritza eta gaztainondoa hazten dira. Ordokietan eta mendi txikien hegaletan, berriz, lur landuak hedatzen dira; artoa egiten da, batez ere. v Biztanleak. Zuberoaren ondoren Nafarroako Beherea da biztanle gutxien dituen Euskal Herriko herrialdea. Bai Nafarroa Beherean bai Zuberoan duela mende bat baino jende gutxiago bizi da gaur egun, eta gainera, 1900. urtean baino biztanle gehiago bizi dira herri oso txikietan. Hori ez da, ordea, herrialde barruan jendea herrixka txikienetara joan delako gertatu, biztanleriaren beherakada orokorraren ondorioz udalerri gehienen neurria txikitu delako baizik. XX. mendean zehar etengabe urrituz joan zen Nafarroa Behereko biztanleria. Biztanle askok Lapurdiko itsasertzeko hirietara jo zuten eta beste hainbat beste herrietara joan dira bizibide bila; hala, anitz dira Ameriketara artzain joanak. v Ekonomia. Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira historian Nafarroa Behereko ekonomia jarduera nagusiak (1999an langileen %34,4). Dena dela, 2001eko datuen arabera, joera hori zertxobait aldatzen ari da: langileen %26,3 nekazaritzan dihardu, %21,4 industrian eta % 52,3 zerbitzuen sektorean. Aipagarria da, halaber, Nafarroa Beherea dela lan merkatuan emakume gutxien dituen herrialdea (%38,8). Behorlegi da lehen sektoreak pisu gehien duen udalerria, eta artoa egiten da, batez ere. Baigorrin eta Ortzaizen ospe handiko ardoa egiten da: Irulegiko arnoa. Donibane Garazi, Donapaleu eta Arberatze-Zilhekoa dira merkataritza eta administrazio hiri nagusiak. Turismoa garrantzi handikoa da mendialdean, Iratiko basoaren inguruan, batez ere. v Hizkuntza. Euskara da Nafarroa Behereko jatorrizko hizkuntza. Bi euskalki nagusi bereizten dira: ekialdeko behe-nafarrera, Nafarroako Otsagabia, Zaraitzu, Aezkoa eta Luzaide aldean ere mintzatzen dena, eta mendebaleko behe-nafarrera, Lapurdiko Kanbo, Mendiondo, Makea eta Ezpeleta inguruetan ere hitz egiten dena. Nafarroa Beherean, Ipar Euskal Herriko gainerako herrialdeen antzera, zaharrenak dira euskaldunenak eta gazteak, berriz, erdaldunenak; hau da, Nafarroa Garaian eta EAEn gertatzen denaren guztiz alderantziz, eta euskal hiztunak, ondorioz, gero eta gutxiago dira. v Historiaurrea. Nafarroa Beherean aurkitu diren giza aztarna zaharrenak Paleolitokoak dira. Guztietan zaharrena Neanderthal-eko gizonaren matrail-hezur bat da, Otsozelaiako haitzuloan aurkitua. Otsozelaiako haitzuloa, Isturitze inguruan dagoena, garrantzi handiko aztarnategia da, Paleolitoko aldi desberdinetako aztarna ugari aurkitu baitira han: harri eta hezur landuak, lehen gizonen eta garai hartako piztien hezurrak eta, batez ere, Madeleine aldiko irudiak hormetan margotuta. Hegoaldeko mendialdeetan, orain dela 3.500-3.000 urte inguruko trikuharriak eta harrespilak aurkitu dira. Halaber, Burdin Aroko aztarnategi garrantzitsu bat dago Okabeko gainean. Erromatarrak sartu aurretik, Nafarroa Behereko biztanleak adreri edo tribuetan antolarik bizi ziren eta, erromatar historialarien arabera, tarbelli izeneko leinua eta baskoiak bizi ziren herrialde honetan. v Erromatarrak Nafarroa Beherean. K.a. 58. urtean Julio Zesarrek Galia eta Akitania konkistatu zituen. Erromatarrek lehenagotik ere ezagutzen zituzten, haatik, Pirinioz iparraldeko Euskal Herriko lurraldeak, eta baskoien lurraldetzat hartu zuten Nafarroa Beherea, batez ere, hegoaldeko mendialdea. K.o. I. mendean, Akitaniaren barruan geratu zen Nafarroa Beherea; hala ere, erromanizazioaren eragina oso ttikia izan zen. Astorga-Bordele galtzada egin zenean, Ibañeta izan zen Araba eta Nafarroako hegoaldeko ordokietatik Akitaniara igarotzeko bide nagusia. Erromatarren aztarnak daude Ibañetan (Summo Pyreneo gunea), Donazaharren (Inmo Pyreneo) eta Garruzen (Carasa). Orobat, Garaziko hego-mendebaleko mendietan, Urkuluko gainean, gotorleku baten aztarnak daude. Erromatar Inperioa desegin zenean, germaniar herri barbaroak Nafarroa Behereko mendateetatik igaro ziren Iberiar Penintsulara. ik. Nafarroako historia. v Nafarroa Beherea eta frankoak. V. mendean, bisigodoak Okzitaniako Tolosa aldean egokitu ziren, eta 415ean Pirinio mendietatik barrena Iberiar Penintsulara igaro ziren lehenengo taldeak. Gero, frankoek Pirinioetatik iparraldera bizi ziren bisigodoak Galiatik bota eta erreinu bat sortu zuten. Hala ere, frankoen aginpidea oso ahula izan zen VI. mendea arte. 602. urtean, Baskoniako dukerria sortu zuten frankoek, baskoiei eusteko, eta hurrengo bost mendeetan Pirinioz iparraldera eratu ziren dukerrien (Baskoniakoen eta Akitaniakoan) barnean egon zen Nafarroa Beherea. Aldi hartan, behin eta berriro igaro ziren frankoen gudarosteak Nafarroa Behereko mendateetatik hegoalderantz baskoien gotorlekuak erasotzera. 778an, Orreagako guduan baskoiek frankoen gudarostea menderatu zuten. Hurrengo mendeetan, frankoek sortu zituzten Baskoniako eta Aktinaniako konderrien barnean geratu zen Nafarroa Beherea. v Nafarroa Beherea eta Iruñeko erreinua. 824. urtean sortu zen Iruñeko erresuma. 832. urtean Baskoniako dukerria, Aznar Antso buru, frankoen agintetik askatu zen eta haren barnean geratu ziren Nafarroa Behereko lurraldeak. X. mendean Nafarroa Behereko lurralde batzuk –Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaize– Baionako apezpikutegiaren barnean zeuden eta beste batzuk –Amikuze eta Oztibarre– Akizeko apezpikutegiaren barnean. X. mendean, Gartzea I.a Santxeitz erregearen agintaldian (926-970), Iruñeko erresumaren barnean geratu ziren Nafarroa Behereko hainbat lurralde: Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaize. Garai hartan bizkonderri batzuk sortu ziren. Antso Gilen Baskoniako dukea 1032. urtean hil zen eta Baskoniako dukerria utzi zion Iruñeko erregeari oinordetzan. Antso Nagusia hil zenean (1033. urtean), Baskoniako printzerria, Nafarroa Behereko Amikuze eta Oztibar barne, Akitaniako dukearen eskuetara igaro zen. Hala ere, Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaizeko bizkonderriek eta Armendaritze, Irisarri eta Iholdiko lurrek Iruñeko erreinuaren barruan iraun zuten 1120. urtera arte. XII. mendearen lehen erdialdean Akitaniako dukerria eta Iruñeko erreinua Nafarroa Behereko lurraldeak eskuratu nahian lehian ibili ziren. 1152an, ordea, Akitaniako eta Baskoniako Alienor dukesa Ingalaterrako Henrike Plantagenet-ekin –1154an Ingalaterrako errege izango zenarekin– ezkondu zen, eta Nafarroa Beherea, Ipar Euskal Herriko beste herrialdeak bezala, Ingalaterraren mende geratu ziren. 1169an, Ingalaterrako errege Rikardo Lehoi Bihotz egin zen Akitaniako duke eta haren manupean geratu ziren Akizetik hegoalderako bizkonderri eta jaurerri guztiak. v Nafarroa Beherea Nafarroako erreinuaren barnean. 1178-1189. urteen bitartean, Garazi, Baigorri, Arberoa eta Ortzaizeko lurraldeak Nafarroako erreinuaren barnean geratu ziren. Antso Jakitunak Donibane garaziko gaztelua eginarazi zuen eta gaztelu hartatik gobernatu zuten handik aurrera errege nafarrek Nafarroa Beherea. 1196an, Nafarroako erreinuaren barnean sartu ziren Amikuze eta Oztibarreko lurraldeak. Hala, Nafarroako erreinua iparraldetik Aturri ibairaino iritsi zen garai hartan, eta eskualde horietan nagusitu zen Agramonteko jauna. 1200. urtetik aurrera, berebiziko garrantzia izan zuen Aturriko ibai bokalearen aurreko eskualde honek (Bidaxune hiriburu), Nafarroako erreinua itsasorako biderik gabe geratu baitzen Gipuzkoa galdu ondoren. Nafarroa Beheretik barrena igarotzen zen Donejakue bidea eta Izura garrantzi handiko hiria zen; hori dela eta, XII-XIII. mendeetan, Ospitale eta prioretxe ugari sortu zen Nafarroa Beherean. 1249an Nafarroako erregeak eta Akitaniako duke ingelesak hitzarturiko akordioaren arabera Nafarroa Behereko mugak zehaztu ziren: Ainhoa eta Ahurti Lapurdiren barruan geratu ziren eta egungo Nafarroa Beherea eratu zen. XIV. mendetik aurrera, zazpi eskualde nagusi bereizten ziren Nafarroa Beherean: Garazi, Baigorri, Ortzaize, Oztibarre, Arberoa, Amikuze eta Irisarri-Iholdi-Armendaritze. XIII mendetik aurrera hainbat hiri sortu zituzten errege nafarrek: Ainhize-Monjolose, Larzabale, Burgue-Erreiti, Garruze, Donapaleu eta Bastida. Hiri haietan merkatariak eta artesauak ziren nagusi; kanpoko jendea ekarri zuten erregeek bertara, gaskoinak, biarnesak eta bigorratarrak, batez ere, eta foru bereziez hornitu zituzten hiriak. Hirietatik kanpo ahaide nagusiak (Agramont, Lukuze, Etxauz, Belzuntze, Larrea, Garro, Latsaga,…) ziren nagusi eta haien mende zeuden petxero edo jopuak, lurrari uztarturik bizi ziren laborariak. Aldi berean, nafar erregeek basoak bota eta lur berriak eta nekazari herri txikiak sortu zituzten erregeek. Hala sortuak dira, besteak beste, Jatsu, Ostankoa, Suhuskune, Amenduze eta Bithiriña. v Nafarroa Behereko gizartea eta instituzioak Erdi Aroan. Nafarroa Beherea hainbat lurralde elkartzean sortu zen. Gizarte egitura feudala zen nagusi. Aitonen semeak edo goi mailako nobleak jauregietan bizi ziren erregearen zerbitzuan, administrazioan, justizian edota gudarosteen buru. Errege Gorteak baizik ez zitzakeen epaitu eta laborari petxeroak beren mende zituzten. Ez zuten botorik gorte nagusietan eta herri biltzarretan, baina haien artekoak ziren eskuarki epaileak eta jaunak. Kapareak behe mailako aitonen semeak edo jaunak ziren. Parte hartzen zuten gorte nagusietan eta herri biltzarreetan. Laborari libreak, aitonen semeak ez baziren ere, lur eta etxe jabeak ziren; erregea beste jaunik ez zuten eta ez zuten petxarik ordaintzen. Botorako eskubidea zuten gorte nagusietan eta herri biltzarreetan. Fibater eta botoy deitzen zitzaien erregeari, aitonen semeei eta baita laborari libreei ere, petxa, zergak edo errentak ordaindu behar zizkieten laborari maizterrei. Herri biltzarretan parte hartzeko eskubidea zuten. Collazo deitzen zitzaien aitonen semeen lurretan eginiko lanez bizi ziren laborariei; petxa edo zerga ordaintzen zuten eta, horregatik, petxero deitzen zitzaien. Lurrari atxikiriko klaseez gainera, merkatariak eta artesauak zeuden, erregeak sortutako hirietan bizi zirenak. Jatorriz gaskoinak ziren merkatari asko eta Nafarroako erregeek frankoen foruak eman zieten XIII. mendean. Bestetik, eragin handia zuen Nafarroa Behereko apaizgoak. Apaizek ezin zuten parte hartu gorte nagusietan eta herri biltzarretan. Instituzioei dagokienez, Donibane garaziko kapitain gazteluzaina zen Nafarroako erregearen ordezkari nagusia eta Nafarroa Beherea guztira zabaltzen zen haren aginpidea. Haren esku zeuden administrazioa, gazteluak, hiriak eta instituzio militar guztiak. Erregearen ordezkariak ziren halaber, lurralde bakoitzeko alkate edo epaile nagusiak. Lurralde bakoitzak zeukan bere justizia gortea. Haran edo lurralde bakoitzak bere biltzarre nagusi propioak zituen, eta bertara biltzen ziren gizarte maila guztietako ordezkariak, behe mailako maizterrak eta petxeroak izan ezik. Herri biltzarretan kapareak, laborari libreak eta maizterrak biltzen ziren, eta bertan aukeratzen zituzten beren ordezkariak, herri kontseilariak edo zinegotziak. v Nafarroa Behereko ahaide nagusiak eta Nafarroako konkista. XIV. mendetik aurrera, Ahaide Nagusien arteko gatazkak areagotu egin ziren. Nafarroa Beherean sortu ziren gero Nafarroako erreinu osora hedatu ziren agramondarrak (Agramont, Saltu eta Garroko etxeak) eta beamondarrak (Lukuze, Latsaga eta Beltzuntzeko etxeak). 1334-1340. urteetan borroka latzak izan ziren bi alderdien artean eta Donibaneko gazteluko kapitainak ezin menderatu izan zituen, Nafarroako erregeak armada bat bidali bazion ere Iruñetik. Karlos II.ak (1349-1387) ahaleginak egin zituen bi Ahaide Nagusi haien artean bakea jartzeko, baina ez zuen lortu. Karlos III.ak (1387-1425) ere ez zuen lortu bakea jartzea. 1438an, Zuria I.a Nafarroako erregina zelarik, bizi-bizi zegoen bi aldeen arteko gatazka; garai hartan, Karlos VII.a Frantziako erregea Nafarroa Behereko iparraldeko lurraldeez (Tartas, Akize, Landak) jabetu zen. 1449-1453 urteetan, Zuberoa eta Lapurdi hartu zituen Frantziako erregeak; hala, Frantziako koroak gero eta eragin handiagoa izan zuen Nafarroako politikan. Bien bitartean, Zuria I.a Nafarroako erregina hil zen 1447an, eta haren senar Joan II.a, Aragoiko errege zena, jabetu zen koroaz, Bianako printzearen kaltetan. Agramondarren eta beamondarren arteko gatazka gerra zibil bilakatu zen 1452an; agramondarrek Joan II.aren alde egin zuten eta beamondarrek, aldiz, Bianako Printzearen alde. 1461. urtean, Bianako printzea hil zen, baina bi alderdien arteko gatazkak ez ziren horregatik amaitu. 1479an, Leonor egin zuten erregina, haren senar Gaston Foixkoarekin batera, eta, Nafarroa eta Biarno koroa beraren mende geratu ziren. Handik hilabete batzuetara hil ziren errege-erreginak eta Pauen bizi izan zen Nafarroako hurrengo erregea, Frantzisko Febo (1479-1483). 1483an, Albreteko etxe gaskoinak erreinatu zuen Nafarroan. Hirietan hermandadeak antolatu ziren urte haietan Nafarroa Beherean, Ahaide Nagusiei aurre egin eta haien arteko liskarrekin bukatzeko. 1512ko irailean, gaztelauak Nafarroan sartu ziren, Albako dukea buru eta beamondarren laguntzaz; Nafarroako gorteak Pauera jo behar izan zuen. Nafarroa Garaian ez bezala, agramontarrek eta lukuzetarrek bat egin zuten gaztelauak Nafarroatik bidaltzeko. 1516an, nafarrek, Frantziako erregearen laguntzarekin, Amikuze, Oztibarre eta Donibane Garazi eskuratu zuten berriro, baina Donibaneko hiria gaztelauen mende erori zen ostera. 1521eko maiatzean Pauen zegoen Nafarroako erregeak eta Frantziako erregeak eratu zuten gudaroste bat sartu zen Nafarroan. Nafarroa Beherea arazorik gabe hartu ondoren, Iruñera jo zuen gudarosteak, baina gaztelauek Noain inguruan menderatu zuten. 1523. urtean Henrike II.a Abretekoa Nafarroako erregeak Nafarroako Estatuak bildu zituen Donapaleun, eta 1524an sortu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorena, ordura arteko Justizia Gorte Nagusiaren ordez. Paviako guduan preso hartu zuten Nafarroako erregea (1525), Frantzisko I.a Frantziako erregearekin batera, eta ez zen Nafarroara itzuli 1527a arte. Haren anaia Karlos Albretekoak hartu zuen agintea, Nafarroa Behereko eta Biarnoko buruzagi nagusi zen aldetik. Albreteko etxeak berriro egituratu zuen Nafarroako erreinua eta Donapaleu izan zen hiriburua. 1530. urtean, Karlos V.a enperadoreak Nafarroa Beherea abandonatu zuen, Pirinioz iparralderako lurraldeak zaintzea zaila zela eta. v Nafarroa Beherea 1530-1789 urteetan. 1553an, Henrike II.a Albretekoa hil zen eta Nafarroako koroaz gainera, Biarno, Bigorra, Albret, Foix eta Armagnac-eko lurrak utzi zituen oinordetzan. Henrike II.aren ondoren haren alaba Joana III.a egin zen erregin. Erlijioen arteko gatazkak ziren Europan eta Joana III.a kalbinista egin zen 1560an. 1562an hasi zen erlijio gerra Frantzian. Joana Albretekoak eliza katolikoaren aurkako neurriak hartu zituen eta Nafarroa Behereko bi alderdi nagusien arteko gatazka piztu zen berriro, agramondarrak erreformaren alde baitzeuden eta lukuzetarrak aurka. 1567tik 1572ra artean iraun zuen gerrak. 1572. urtea, erreginak eliza katolikoari kendutako ondasunak berriro bihurtu zizkion eta urte hartan bertan hil zen. 1572an Henrike III.a, Joana III.aren semea, egin zuten errege. Hugonotea zen, ama bezala, eta kristauen eskubideak babestu zituen. 1577an, Henrike III.a, Frantziako erregegai baitzen, Parisa joan zen. Haren arreba Katalina geratu zen erregeorde. 1589an egin zuten Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege (Henrike IV.a izenez); Nafarroako eta Frantziako errege tituluak eskuratu zituen hala. 1593an, katoliko egin zen. Henrike III.aren garaian guztiz areagotu zen Ipar Euskal Herrian sorgin eta fedegabeen aurkako errepresioa. 1610ean, Henrike III.a hil zuten eta haren semeak, Luis XIII.a Frantziakoa eta Luis II.a Nafarroakoa, egin zen errege. 1611. urtean, Nafarroako erreinuko foru berria sartu zen indarrean, Fors et costumas deu Royaume de Navarra deça-ports izenburupean (1644an inprimatua). 1620an Frantziako koroak beretzat hartu zuen Nafarroako erreinua eta handik aurrera Frantziako erregea izan zen Nafarroako erregea; foruek eta berezko instituzioek lehenean iraun zuten, hala ere. Urte hartan bertan Nafarroako Kantzeilaritza Donapaleutik Paueko hirira eraman zuten, Biarnoko Kontseilu Nagusiarekin bateratu eta gero. Nafarren protestak zirela eta, betirako atzeratu zen erabakia denbora apur batean, baina erabat sendotu zuten 1624an Pauen Nafarroako Parlamentua edo Justizia Auzitegi Gorena eta frantsesa hartu zuten hizkuntza ofizial bakar gisa, biarnesa bazter utzirik. 1659an, Pirinioetako Bakearen bidez, uko egin zion Frantziako eta Nafarroako erregeak Nafarroa Garaiari. v Nafarroa Beherea: Basses Pyrénées departamendutik Euskal Herri berrira. XVIII. mendean guztiz pobretu zen Nafarroa Beherea eta merkataritza hiriek gain behera egin zuten. 1785ean Frantziako eta Espainiako erregeek Elizondon sinatu zuten hitzarmenaren arabera, zatiturik geratu ziren Pirinio aldeko nafar lurralde batzuk: Ondarrola, Garaziko Arnegi-Luzaide; Aldude-Kintoa, Baztan-Baigorri eta Irati, besteak beste. 1788an, Luis XVI.ak indarrik gabe utzi zuen Nafarroako Parlamentua; 1789ko ekainean bildu ziren azkenekoz Nafarroako estatuak. Nafarroako Estatuetako ordezkariak Parisa joan zirelarik, Frantziako Biltzar Konstituziogilea eratua zen jada (1789ko ekainaren 17a); hiru aste geroago Paris erregearen aurka matxinatu zen. 1789ko abuztuaren 4an, hirugarren estatuko ordezkariek Frantziako gizarte maila guztietarako eta lurralde guztietarako legeak egin zituen. 1789ko urriaren 12tik aurrera, Luis XVI.ak Frantziako errege titulua hartu zuen, eta ez Frantziakoa eta Nafarroakoa. 1789ko abenduaren 30ean onartu zuten ordezkari nafarrek Frantziako ordenamendu berria, eta 1790eko abenduan geratu zen Nafarroa Beherea Bases Pyrénées izeneko departamenduaren barnean, Lapurdi eta Zuberoako euskal herrialdeekin eta Biarnorekin batera. Apaizgoak eta aitonen semeek, ordea, ez zituzten lege berriak onartu eta iraultzaren kontra jokatu zuten, foruen alde eginez. Konbentzioko gerran (1793-1794), 1.800 baxenafarrek hartu zuten parte Chasseurs Basques izeneko gudarostean. Napoleonen garaian (1799-1815) politika egoera ez zen aldatu funtsean, baina gerra giroak (1813-1814) ez zuen onik ekarri Ipar Euskal Herrira. 1815ean berriro ezarri zen Frantziako erregetza, baina Nafarroako erreinua ez zen berriz eratu. Aitzitik, 1827an Frantziako estatuak beretzat hartu zituen herri lurrak eta mendialdeak, eta harrezkero, Nafarroa Behereak ez zuen esku izan Frantziako politikan, errepublikaren beste herrialdeekin parekatuta geratu baitzen. XIX eta XX. mendeetan, apezgoaren eta eskuinaren alde bozkatu du eskuarki Nafarroa Behereak. 1848an, herri lur eta oihanen auzia bideratu zuten berriro baxenafarrek eta kendu zizkieten lurren alde matxinatu ziren Armendaritzen, Oztibarren eta Amikuzen. Haren ondorioz, herri lurren bostena itzuli zizkieten. 1856an, beste itun bat sinatu zen Baionan Aldudeko lurrei buruz. XIX. mendearen bukaeran eskuineko politikari argi bat izan zen Nafarroa Beherean: Louis Etcheverry, Donazaharreko diputatua, Eskualduna astekaria sortu zuena 1887an. Hala, Frantses errepublikari men eginik betiere, erlijio katolikoaren eta, neurri apalago batean, euskararen sostengua aldarrikatzen zuten eskuin politikariak nagusitu ziren Nafarroa Beherean, elizaren eta estatuaren arteko banakuntza aldarrikatzen zuten ezkertiarrei aurre eginez. Garai hartan, Nafarroa Beherea guztiz behartsu baitzen, biztanleek kanpora jo zuten bizibidearen bila, Ameriketara eta Frantziako hiri handietara, batez ere. Joera horrek XX. mendea arte iraun du. 1914an, Lehen Mundu Gerratik aurrera, frantses nazionalismoa indartu zen Ipar Euskal Herri osoan eta gerra haren ondoren gorpuztu zen Jean Ybarnegaray eskuineko politikari nafarraren irudia: erlijio integrismoa, euskalzaletasun poxi bat eta muturreraino eraman zuen joera faxista. Ybarnegaray-k alemaniar nazien aldeko agertu jarrera baitzuen, galdu egin zuen zeukan indarra. Bigarren Mundu Gerraren ondoren emigrazioak ez zuen etenik izan Nafarroa Beherean. 1960. urtetik aurrera hasi zen zabaltzen Nafarroa Beherean egungo abertzaletasuna, urteak joan ahala errotuz joan dena. Ekonomia eta, horrenbestez, demografia arazo larriak ditu gaur egun ere Nafarroa Behereak; hala ere, azken urteotan mugimendu abertzaleak eginiko ahaleginei esker, joera ezkor hori moteldu egin dela esan daiteke.