Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nafarreria

(Esp. Navarrería). Iruñeko Erdi Aroko auzoa, Iruñea Zaharreko hirigunearen erdian, katedralaren inguruan. Nafar euskaldunak bizi ziren nagusiki auzo horretan, San Nikolas eta San Zernin aldean finkatu ziren frankoengandik aparte. Apezpikuaren manupeko petxero eta zerbitzariak ziren auzo gehienak eta frankoei emanikoaren araberako foru berezia jaso zuten 1189an Antso VI.aren eskutik. Etxe berriak eraikitzeko eskubidea ere jaso zuten; liskar handiak izan ziren aurrerantzean euskaldunen eta franko etorri berrien artean, XIII. mendean, Xanpainako etxeak Nafarroako koroa eskuratu ondoren bereziki. 1276an oste frantsesek guztiz bipildu zuten auzoa Nafarreriako gerran eta berriro jendeztatu zuten XIV. mendearen hasieran, foru berriari esker (1324). 1423an nafarreriaren eta frankoen auzoaren arteko harroinak eraitsarazi zituen Karlos III.a erregeak, eta administrazio bakar batera bildu ziren Iruñeko auzo guztiak.