Nafarroako Alderdi Sozialista
(Esp. Partido Socialista de Navarra). Nafarroako alderdi politikoa, Espainiako Partido Sozialista Obrero Español alderdiaren adarra. 1982an sortu zen, nafar sozialistek Euskadiko Alderdi Sozialista utzi ondoren. v 1902an sortu zen lehenengo elkarte sozialista Iruñean, UGT sindikatura bildutako langile batzuek bultzatuta. 1914an aukeratu zuten Iruñean lehen zinegotzi sozialista, 1920an aukeratu zuten Fitero hirian Nafarroako lehen alkate sozialista. Handik aurrera, Iruñean eta Erribera aldean zabaldu ziren sozialistak bereziki eta nolabaiteko indarra izan zuten Espainiako errepublika garaian. UGT eta PSOEko militante asko hil zuten faxistek 1936ko gerra zibilaren hasierako hilabetetan. Erbestera jo zuten sozialista nafarrek harreman estuak izan zituzten Euskadiko sozialistekin. 1974an bildu ziren Tuteran Nafarroako sozialistak PSOE berrituari bultzada emateko asmotan, eta PSOE alderdiaren mendeko Euskadiko Alderdi Sozialistaren barnean jardun zuten 1977tik aurrera. 1979tik aurrera hasi ziren sozialista nafarrak berezko nortasunaren alde lanean eta, hasieran Hego Euskal Herrirako autonomia bakar baten alde zuten proiektua bazter utzi ondoren, Nafarroako Alderdi Sozialista sortu zuten 1982an.