Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nafarrera

iz. Nafarroan erabiltzen den euskara. || Euskal dialektoa, Nafarroako ipar-mendebaldean eta erdialdean, eta Gipuzkoako ipar-ekialdean erabiltzen dena.  v  Nafarroako ipar-mendebalean, Izarbeibartik Bortzirietaraino eta Arakildik Auritzeraino, eta Gipuzkoako ipar-ekialdean (Bidasoaldea eta Oiartzualdea) hitz egiten da goi-nafarreraz (85.000 lagun inguru). Oro har, erdialdeko dialekto bat da Ipar Euskal Herriko eta Mendebal Euskal Herriko tradizioen artekoa. Bi hizkera mota nagusi bereizten dira dialekto honetan: iparraldeko goi-nafarrera eta hegoaldeko goi-nafarrera. Nafarroako euskal hiztun gehienak mintzo dira iparraldeko goi-nafarreraz. Bonaparte printzeak sei goi-nafarrera molde nagusi bereizi zituen 1869an: Ultzama (Lizaso), Baztan (Elizondo), Bortziriak (Bera), Arakil (Uharte-Arakil), Araitz (Intza) eta Gipuzkoa (Irun). Hegoaldeko goi-nafarreraren eremua Nafarroako erdialdetik Pirinioetara zabaltzen da. Horixe zen Iruñeko hirian hitz egiten zen berezko euskara mota eta hiztun gutxi du gaur egun (1.000 lagunetik behera). Hiru molde nagusi bereizi zituen Bonaparte printzeak euskara mota horretan: Iruñerritik ipar-ekialderakoa (Egues, Olaibar, Artzi, Erro, Auritz), Iruñerritik hego-mendebalerakoa (Oltza, Zizur, Gulia) eta Izarbekoa (Gares). Eremu handiak hartu zizkion erdarak euskarari lurralde horietan XIX. mendean zehar. Hegoaldeko goi-nafarrera izan da XIX. mendea arte euskal dialektorik zabalduena eremuz (Lizarra, Tafalla eta Zangozako hirien ateetan zegoen euskararen eta erdararen arteko muga XVIII. mendean). Erdarazko dokumentuetan ageri diren euskarazko toponimo, hitz eta esaldi laburrak alde batera utzita, 1564koa da hegoaldeko goi-nafarreraz ezagutzen den lehen olerkia, Joan Amenduzekoa Iruñeko medikuak egina. 1561ean inprimarazi zuen Antso de Elso fraile teatinoak Doctrina Christiana bat euskaraz (goi-nafarreraz agian) eta gaztelaniaz. 1621. urtean idatzi zuen Juan de Beriain Utergan (Izarbeibar) sortutako apezak Tratado de como se ha de oir misa obra euskaraz (Hegoaldeko goi-nafarreraz) eta gaztelaniaz. 1735ean argitaratu zuen Eleizalde apezak Apecendako Doctrina Christiana liburua eta 1754an idatzi zuen Jose Antonio Miquelestorena apez lesakarrak Cerura nai duenak ar dezaquean vide erraza obra. Goi-nafarreraz idatzi zuten bi apez ageri dira gailen XVIII-XIX. mendeetan, Sebastian Mendiburu (Oiartzun, Gipuzkoa, 1708 - 1782), iparraldeko goi-nafarreraz idatzi zuena, eta Joakin Lizarraga (Elkano, Egues, 1748 - 1835) hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuena. XIX. mende erdialdetik aurrera hasi ziren idazle nafar euskaldunen lanak Euskal Herriko beste aldeetara bizkorrago zabaltzen eta oraindaino nafarrerak, Nafarroa Garaiko gorabehera sozio-politikoak zirela medio, euskararen munduan literatura dialekto nagusitzat hartzeko aukerarik izan ez duen arren, euskal dialekto nagusitzat jotzen da egun alderdi askotatik.