Musa ibn Musa ibn Fortun
(El moro Muza, «Muza mairua»). Nafarroako kasitarren buruzagia (862an Tuteran hila). Musa ibn Fortun kasitar buruzagiaren eta Eneko Aritzaren amaren semea zen. Eneko Aritzaren anaiordea zen, beraz, eta haren alaba batekin, Assonarekin, ezkondu zen. 824. urtean frankoen aurka lagundu zion anaiordeari Orreagan eta guztiz harreman onak izan zituen beti harekin eta Iruñeko erresuma berriarekin. 842. urtetik aurrera arazo handiak izan zituen Zaragozako eta Tuterako gobernari musulmanekin eta haien aurkako borrokan nagusitu zen, Iruñeko erregeak lagunduta, San Adrian aldean. Doi-doi irten zuen bizirik Abd al-Rahman Kordobako emirrak agindutako zigorralditik; barkatu egin zioten eta Andaluziako isasertzean azaldu ziren normandiarren aurka borrokatzera deitu zuten. Iruñeko erresuma ezagutu zuen espreski Abd al-Rahman emirrak barkamen ekitaldi horretan (843). Emirra hil ondoren, bere kabuz aritu zen Musa; Arabako euskaldunak azpiratu zituen 851n Errioxako Albeldako lehen guduan; Zaragozako eta Tuterako gobernari nagusi bihurtu zen 852an; Toledoz jabetu zen ondoren eta Kataluniako frankoak menderatu zituen 856an. Ospe handia hartu zuen Musak urte haietan eta errege ohoreak egin zizkioten toki guztietan. 859an, Asturiasko errege Ordoño I.ak menderatu zuen Albeldako bigarren guduan (“Clavijoko eta Laturze mendiko gudua” ere deitua). Espainiako epika tradizioak kristauek arabiarren aurrean lorturiko gudu handitzat jo zuen gudu hura. Gudu horretan Santiago apostoluak Hispaniako kristauen alde egin zuen borroka, eta ordukoak dira Muza mairuaren irudi izugarria eta hari buruzko elezaharrak. Gudu hura galdu eta ondorengo urteetan Iruñeko euskaldunen aurka abiatu zen Kordobako emirra, hark Zaragozako gobernua kendu baitzion. 862. urtean hil zen Musa Tuteran, Guadalajara aldean suhi baten aurkako borroka batean jaso zituen zaurien ondorioz.