Muruzabal
Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria (Izarbeibar, Iruñeko eskualdea). Mugak: iparraldean, Uterga eta Legarda, ekialdean Adiotz, mendebalean, Obanos eta hegoaldean, Eneritz. Garaiera, 444 m. 6,14 km2. 1999ko datuen arabera, 239 biztanle ditu (muruzabaldarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Galbarra (herriburua), Gastiain, Narkue, Iribarri eta Biloria. Robo erreka igarotzen da udalerriaren hegoaldetik eta Telleria ibaiak udalerriaren ipar-ekialdea zeharkatzen du. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa) eta abere hazkuntza (zerri azienda) dira. Dena dela, langile asko ondoko herrietako industrietara joaten da lanera. Aipagarri dira XII. mendeko Eunateko eliza erromanikoa, XVII. mendeko Zabalegiko Markesaren jauregi barrokoa, XIV-XVII. mendeetako San Esteban parrokia eliza eta San Blas, Santa Luzia eta San Pedro Auritzko ermitak. v Historia. 1407. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Muruzabalgo herria. 1665. urtean jaso zuen hiri-gutuna.