Murnau, Friedrich
Alemaniar zinema zuzendaria (Bielefeld, 1988 - Los Angeles, 1931). Max Reinhardt-en konpainian hasi zituen antzerki ikasketak, baina Lehen Mundu Gerra hasi zenean ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen. Propagandako zenbait film egin ondoren, zinemagintzari ekin zion antzerkia utzita, eta zinema mutuko zuzendari nagusietako bat bihurtu zen. Bere lehen lan handia Nosferatu (1922) izan zen, garai hartan arrakasta handirik izan ez zuena. Beste lan bikain batzuen ondoren Azkena (1924, Der Letzte Mann) egin zuen; artean pentsa ezinak ziren kamera mugimenduak egin zituen hartan, eta irudi hutsez, idatzizko hitzik gabe, eskaintzen den zinema mutuko film bakanetarikoa da. Arrakastak Tartufo (1925) eta Fausto (1926) lan garestiak egitera bultzatu zuen. Hollywood-era joan eta han Sunrise (1927, Egunsentia) zoragarria egin zuen. Tirabirak izan zituen ekoizleekin, ordea, eta Hollywood-etik joan zen. Flaherty dokumental egilearekin elkartu zen Hegoaldeko itsasoan Tabu (1931) izeneko filma egiteko, baina estreinatu baino lehen hil zen auto istripuz.