Moto Nsa, Severo Matías
Ekuatore Gineako kazetaria eta politikaria (1943). Erregimen autonomikoaren azken urteetan (1964-1967), artikulu iraultzaileak idatzi zituen Poto-poto aldizkarian. Artikulu horietako batzuk Batako irratiko saio baterako erabili zituzten. Irrati horretan kultura eta folklore saio bat zuzendu zuen, eta gaztelaniazko saioen esatari izan zen aldi berean. 1967an beka bat eman zioten Madrilgo Leon XIII.a Fundazioan Kazetaritza ikasteko. Kazetaritza ikasketak amaitu zituenean, Ebano aldizkarian hasi zen lanean Ekuatore Ginean. Aldizkari horretako zuzendari eta lehendakaritzako prentsa kabineteko nagusi zela, sei urtez Macías Nguemaren kontra aritu zen. Gineako beste hainbat intelektual bezala, esetsi egin zuten eta 1975ean Malaboko poliziak espetxera eraman zuen. 1979an, estatu kolpearen ondoren, espetxetik atera zuten eta garrantzizko lekua izan zuen informazio eta turismo munduan. 1981ean Obiang Nguema presidenteak herrialdetik irtetera behartu zuen eta Espainiara joan zen. Handik bost urtera Espainiako gobernuak babes politikoa eman zion. Moto Ekuatore Gineako Garapenaren Alderdi demokristauaren sortzaile eta presidente da (1983). 1993. urtean bilera politiko bat egitea lortu zuen 3.000 lagunen aurrean; hala ere, Motoren alderdia ez dute legeztatzen. 1995ean espetxeratu egin zuten berriz ere presidentearen kontra hitz egiteagatik. Baina 1996an aske utzi zuten salaketa bera zuten beste hamalau ginearrekin batera.
- Motherwell, Robert
- motibazio
- motibo
- moto 1
- moto 2
- Moto Nsa, Severo Matías
- motodun
- motokros
- motor
- motordun
- Motos Izeta, Teresa