Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

morrena

iz. Geol. Glaziar batek garraiatu eta maldetan utzi dituen gaiez osatutako harri pila. Harri horiek era askotakoak dira: ertz zorrotzekoak, harkoskor biribil handi eta txikiak, hartxintxarrak, buztinak etab. Izen bera ematen zaie gaur egungo glaziarrek eratutako harri pilaketei eta Kuaternarioko glaziarrek eratutakoei. Glaziarrean duten kokalekuaren arabera sailkatzen dira morrenak: izotz azpiko morrenak, glaziarraren oinean egoten dira eta glaziarraren mihiak higitzean lurretik erauzitako harriak dira; azaleko morrenak, glaziarraren haraneko hormetatik erauzitako harriez eratuak, eta glaziarraren mihiaren bi alboetan egon ohi direnak (saihetseko morrenak); bi glaziarretatik datozen mihiak bakar batean elkartzen direnean erdialdeko morrena eratzen da; bi glaziar mihi baino gehiago elkartzen badira erdialdeko morrena gehiago agertzen dira; glaziarraren gainera alboko mendietatik erortzen diren harriak izotzaren barrenera sartzen direnean barneko morrenak eratzen dira; glaziarra urtuz doan eran azken morrena hauek eta izotz azpikoak batu egiten dira. Aipatu diren morrena guztiak glaziarraren izotzarekin batera higitzen dira, eta horregatik morrena biziak deritze. Izotza urtzen den lekuan, glaziarraren mihiaren amaieran, honek garraiatu dituen material guztiak arku erako pilaketa batean geratzen dira; bukaera aldeko morrenak dira.