Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monako

(Izen ofiziala, Monakoko Printzerria; Fr., Principauté de Monaco). Europako hego-ekialdeko estatu burujabea, Frantziako Mediterraneo aldeko kostaldean. 1,95 km2 eta 32.796 biztanle (2008ko estimazioa, monakoarrak). Mugak: Mediterraneo itsasoa du hegoaldean, eta Frantziako Itsas Alpeak departamenduak inguratzen du gainerakoan. Hiriburua: Monako hiria. Hizkuntza ofiziala: frantsesa. Gizatalde nagusiak: frantsesak, % 47; monakoarrak, % 16; italiarrak, % 16. Erlijioa: katolikoa, % 95. Dirua: euroa. ■ Monakoko biztanle gehienak frantsesak dira, eta oso gutxi dira Monakoko bertakoak; atzerritik joandako gehienak aberatsak dira, eta zergak ordaindu beharrik ez izateko eskuratzen dute Monakoko hiritartasuna. Bizi maila oso altua da eta bizi itxaropena 78 urtekoa, batez beste. Frantsesa da hizkuntza ofiziala, baina monakoera (italieraren eta fransesaren arteko nahasketatik sorturiko dialektoa), ingelesa eta italiera ere erabiltzen dira. Munduko estatu txikienetakoa da, eta biztanle dentsitate handienetakoa du: 16,818 bizt./km2. ■ Monakoko ekonomia Frantziako ekonomiari loturik dago zeharo, eta Frantziako datu orokorretan jasotzen da Monakoko ekonomiaren zenbait adierazleren berri (barne produktu gordina adibidez). Garrantzi handiko turismogunea eta oso lurralde aberatsa da. Turismoa erakartzeko baliabide nagusiak kasinoa eta klima bikaina dira. Dena dela, turismoaren inguruan antolaturiko zerbitzuen jardueraz gainera, bereziki azpimarratzekoa da bankuen eta finantzen alorra; Monakoko abantaila fiskalak direla-eta, nazioarteko hainbat bankuk Monakon finkatu dituzte beren egoitzak (zuzeneko zergak oso arinak dira, banku sekretua gordetzen da…). Badira, orobat, zenbait industria arin: botikagintza, elektronikako gaiak, papergintza. Estatuak du hainbat salgairen gaineko monopolioa, adibidez, tabakoa, telefono sarea, posta, eta hotel, banku eta industriatik jasotzen du urteko irabazien % 55 inguru. Azken urteotan Monakoko gobernuak neurri bereziak hartu ditu nazioartean bere itxura hobetzearren, adibidez legez kanpoko jardueretan irabazitako dirua zuritzen dutenen kontrako zigorrak ezarriz eta finantza erakundeei era horretako jardueren kontra borrokatzeko laguntza eskatuz. Administrazioari dagokionez, udalerri bakarra (Monako) eta, udalerriaren baitan, hamar barruti bereizten dira. ■ Monako ez da, berez, Europar Batasuneko kidea, baina hartatik oso hurbil dago, eta Frantziarekin duen aduana batasunaren ondorioz, eta euroa du diru ofiziala. ■ Azken 700 urteetan Grimaldi familia egon da Monakoko agintean, herentziaz jasotzen baita errege kargua. Gaur indarrean dagoen konstituzioa 1962. urtekoa da, eta Rainier III.a erregeak aldarrikatu zuen; orduan ezarri zen monarkia konstituzionala. Aginpide legegilea erregearen eta nazio biltzarraren esku dago, eta betearazlea erregearen eta estatu ministroa buru duen gobernu kontseiluaren esku. Ez dago alderdi politikorik. 1993an Nazio Batuen Elkartean sartu zen Monako. 1997az gero Michel Leveque da estatu ministroa. Rainier III.a 2005ean hil zen, eta haren seme Alberto II.ak eskuratu zuen errege titulua.
http://www.visitmonaco.com/