Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mitra

Mit. Argiaren jainkoa indo-irandarren mitologian, hala Indiako Vedetan nola Persiako Avestan ezaguna. Mitrak zezena hiltzeko agindua hartu zuen Eguzki jainkoarengandik. Gogoz kontra baina agindua bete zuen eta orduan mirari handi bat gertatu zen: zezena ilargi bihurtu zen; jainkoaren soingainekoa ortzi, planeta eta izarrez horniturik; isatsetik eta odoletik laboreak eta mahatsa jalki ziren eta ernalkinetatik, munduko izakiak oro biziaraziko zituen hazi sakratua. Gauza guztiak sortuak ziren baina bat-bateko argiak ilunpeko izakiak ere iratzarri zituen: sugea, luhartza, eta beste piztia batzuk. Haiek zezenari eraso zioten, eta hala hasi zen Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka.  v  Mitraren gurtza Indiatik mendebaleko muturreraino hedatu zen (Galia, Britainia Handia, Iberiar Penintsula). Alexandro Handiaren garaipenaren ondoren heleniar mundura hedatu zen, nahiz eta —azken batean etsaien jainkoa baitzen— haren gurtza ez zen gehiegi zabaldu. Gero, jatorrizko ezaugarriak anitz aldaturik, Erromako Inperioaren lurraldeetara hedatu zen, erromatar armadako soldaduen bidez bereziki.