Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mitosi

iz. Genet. Zelularen ugaltzeko era, zelula baten gunea bi zelula berritan zatitzean datzana. Bi zelula berriek ama-zelularen osaera kimiko eta genetiko berberak dituzte. Ia organismo gehienetan egiten da mitosia, zelula bakarreko organismo gutxi batzuetan ezik. Mitosiaren ezaugarri oinarrizkoenak kromosomen bikoiztea eta kromosomak bi zelula berri bihurtzea dira. Lau aldi bereizten dira: 1) Profasea. Zelularen nukleoan kromosomak ikusgai egiten dira espiral eran biltzen diren harizpi bikoitzen itxura hartuz. Zelularen gunearen mintza eta nukleoloa desagertu egiten dira. 2) Metafasea. Ardatz akromatikoa agertzen da. Animalien zelulen kasuan bi zentrosomak zelularen aurkako poloetan kokatzen dira, eta bien artean zabaltzen dira ardatz akromatikoaren zuntzak. Kromosomak ardatzaren ekuatorean kokatzen dira, eta bakoitzaren zentromeroa ardatzaren zuntzetan itsasten da. 3) Anafasea. Zentromeroetako bakoitza bitan zatitzen da, eta sortu diren zentromero berriek elkarren aurkako norabidea hartzen dute, beren higiduran dagokien kromatida eramanez. Horrela bi kromosoma talde eratzen dira. 4) Telofasea. Mitosiaren amaiera da, bi gune berri eratzea bideratzen duena. Kromosoma berriek espiral itxura galtzen dute, eta zitoplasman mikroskopio bidez ez dira ikusten, eta gunearen inguruko mintza eta nukleoloa eratzen dira. Azken aldi horretan zatitzen da zelularen zitoplasma.